XV. Gastronomia eta Folklore Jaialdian 15 postu izango dira

Mirian Biteri 2011ko urriaren 10a

Beste erkidegoetako gastronomia eta ohiturak bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da aurten ere Aretxabaletan. Domekan, hilak 16, XV. Gastronomia eta Folklore jaialdia egingo dute Herriko Plazan.  15 postu jarriko dira, eta horietako bat, Iparraldetik iritsiko da. Ahateekin egindako produktuak salduko ditu horrek, hala nola, foie eta ahate-urinekoa.

Jaialdia 11:00etan hasiko da. Gaztela-Leon, Extremadura, Katalunia, Galizia eta Errioxako postuez gain,  Aretxabaletako Aratz elkartekoarena ere bisitatu ahal izango dira.

Horretaz gainera, esandako erkidegoetako hainbat ikuskizun ere izango dira: hain justu ere, Errioxako jota taldearen Voces del Ebro, Galizia etxeko talde eta Gaztela-Leongo San Fernando taldeko emanaldiekin abestu eta dantza egin ahal izango dute Herriko Plazara joaten direnek.

Etxeko patxaran onena sarituko dute

Eguerdiko atsedenaren ondotik, 17:00etan, XVII. Etxeko Patxaran Lehiaketa hasiko da; epaimahaiko kideak hasiko dira ordu horretan dastatzen.

Patxaran lehiaketan parte hartu gura duenak hainbat baldintza bete beharko ditu. Antolatzaileek azaldu dute aurkeztutako patxaranak norberak egindakoa izan behar duela, eta kristalezko edo beira gardenezko botila batean aurkeztuko dela. Horren harira, gaineratu dute botilen originaltasuna kontuan hartuko dela.Patxarana 11:00etatik 14:00etara entregatuko da Herriko Plazan, horretarako jarriko den tokian.

Bestalde, hiru sari emango dituzte; garaikurra eta dirua irabaziko dute lehenengo hirurek. Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dute epaimahaiak sariak hutsik uzteko ahalmena izango duela.

Horrekin batera, adierazi dute lehiaketa amaitu ostean, saritutako 3 botila enkartean jarriko direla lote bakar batean, eta eurotan eskaintzarik altuena egiten duenari emango zaizkiola. Aldi berean, lehiaketara aurkeztutako gainontzeko patxarana jendearen eskura egongo da dastatzeko, eta hustutakoan, euren jabeak direla ziurtatzen duten parte-hartzaileek jaso beharko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak