Puerta del Soletik, Wall Streetera

Arritxu Barruso 2011ko urriaren 7a

Indignatuen edo haserretuen mugimendua Ameriketako Estatu Batuetara iritsi da orain; Occupy Wall Street izena hartu du eta merkatu finantzarioa eta haren boterea kontrolatzeko beharra aldarrikatzen du, besteak beste.

Duela hiru aste hasi ziren protestak New Yorken eta Andoni Urtzelai aretxabaletarrak nahi barik topo egin du Occupy mugimenduarekin. Herrialdean barrena bidaiatzen ari den heinean, bertatik bertara ikusten ari da nola protestak zabaltzen hasi diren beste hiriburu batzuetara. "Neskalagunak eta biok hiru hilabete emango ditugu AEBetan barrena. New Yorken bi aste egin genituen eta kasualitatez topo egin genuen Wall Street parean bildutakoekin. Ondoren, Washingtonen ere parez pare aurkitu genituen. Orain Chicagon gaude eta haien bilgunera joan gara zuzenean".

Gutxi, baina indartsu
Urtzelai Madrilgo protestetan ere izan zen eta esan digu Puerta del Solen bezala han ere denetariko jendea ari dela mobilizatzen: "Heldu eta gazte, denetarik ikusten da. Klase ertaineko jendea da normalean, eta unibertsitateko ikasle asko daude. Beltz eta etorkin pobre gutxi ikusten da protestetan".

Protagonistekin hitz egin du: "Gutxi dira, baina indartsu daude. Gauzak aldatu beharraz mintzo dira. Espainian bezala garrantzitsuena ez da zer nahi den, baizik eta zer ez den nahi inolaz ere". AEBetan jendea mobilizatzea oso zaila dela azaldu digu: "Hemen ez dago tontakeriarik. Joan den astean New Yorken 700 lagun atxilotu zituzten Brooklyngo zubian. Ez da broma, gero".

Atentzioa eman dio horrenbeste jende hain gaizki egonda nola ez diren milioika pertsona ateratzen kalera: "Uste dut jendeak, gurean bezala, ez duela ezertan nabarmendu nahi. Jendea protesta egiten dutenekin bat dator, hein handi baten; haserre daude Obamarekin ez duelako agindutakoaren erdia egin eta ongizate gizartea pikutara doala ikusten dutelako, baina ez dute ezer egiten. Ilegaltasunaren kontzeptua hain daukagu guztiok ere barneratuta, nahiago dugu etxeko sofan gelditu beste batzuek guk egin beharko genukeena egiten duten bitartean.
www.iparameriketangatxik.blogspot.com blogean jarrai daiteke Urtzelai AEBetan barrena bizi izaten ari den abentura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak