Bittor Carballaresek irabazi du I. argazki rallya

Mirari Altube Arrese 2011ko urriaren 3a

San Migeletako I. argazki rallyko sariak banatu dituzte, eta bilduma onenarena Bittor Carballares eskoriatzarrarendako izan da, 150 euro; bigarren saria Imanol Soriano arrasatearrak jaso du, 100 euro; eta hirugarrena Jon Campo aretxabaletarrak, 70 euro. Ateratako argazkirik onena, ostera, Imanol Sorianorena izan dela erabaki du epaimahaiak: Mitarte kalean egindako larrain-dantzaren une bat, eta beste 50 euro jaso ditu hark.

Argazki taldeak antolatutako I. argazki rallyan bederatzi lagunek hartu dute parte eta antolatzaileak pozik daude: "Herrikoez gain, ingurukoak ere etorri dira, eta gustura gaude izandako erantzunarekin". Horregatik, eskerrak eman gura dizkiete joan den zapatuan lanean jardun zuten bederatziei. Bost gai banatu zizkieten egunean bertan, eta gehienez ere 50 argazki utzi behar zituzten egunaren bukaeran. Gero, gai bakoitzetik argazki bat hautatu eta aurkeztu dute. Hona gaiak: azoka ekologikoa; artisau feria; dantzak; eguneko giroa; eta gai librea.

Epaimahaia herriko argazkilariek osatu dute: Maria Jesus Sanchez, Ane Idigoras, Antonio Arquero eta Manuel Urtubi. Eguaztenean elkartu ziren argazkiak ikusi eta onenak hautatzeko, eta jakinarazi dute argazki onena izendatzea izan dela zailena.

Azaroan erakusketa

Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak Aretxabaletako argazki artxiboaren eskuetan geratuko dira eta argazkiokin erakusketa egingo dute Arkupen, azaroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak