"Asko eskertzen dira horrelakoak; ia sei hilabetez aritu naiz lanean buru-belarri Gasteizen bilduma hau aurkezteko eta benetan gustura hartu dut" zioen saria hartu eta hurrengo egunean.
Vazek 12 soineko aurkeztu zituen moda astean. Cóctel soinekoak eta gaueko soinekoak, denak goi-mailako jantzigintzakoak. Horrela hitz egin digu bere bildumaz: "Aspaldiko garaiak gustatzen zaizkit eta aurkeztu dudan bilduma garai erromantikoan inspiratuta dago. Lazo eta enkaje asko erabili ditut eta jantziei ukitu modernoa emateko luzerarekin eta koloreekin jolastu dut".
Hain zuzen ere, zuriak, beltzak, gorriak, berdeak eta beste hainbat kolore ere erabili ditu bere diseinuetan, eta gehienbat erabili ditu zetazko oihalak. Aurkeztutako 12 soinekoetatik gehienak propio egin ditu moda asterako, bakarren bat izan ezik. Gainera, prozesu osoa da berea; diseinutik hasi, tela moztetik pasatu eta jantzia bukatzera arteko pausu guztiak.
Moda astean aurkeztutako beste diseinuen gainean galdetuta, "gauza oso politak aurkeztu zituzten", esan zigun.
Madrilen, diseinuan lanean
Sei urte pasatu dira Ivan Vaz diseinatzaileak maletak hartu eta Madrilera egin zuenetik. Diseinua eta patroigintza ikasi zituen Gasteizen, ia kasualitatez, eta egun, bere bizitzaren erdigune eta oinarri bilakatu da diseinua.
Bada, 31 urteko diseinatzaile aretxabaletarrak, Pedro Del Hierro eta Cortefiel firmentzat egiten ditu diseinuak, festarako eta pret-à-porter diseinuak, hain justu. Zorionak!