Udalak gaitzetsi egin ditu jaietako apurketak

Mirari Altube Arrese 2011ko irailaren 30a

Irailaren 25 goizaldean izandako apurketak gaitzestea erabaki zuen udalbatzak astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran. Gainera, Udalaren jabetzako apurketen kostuaren berri eman du, 2.000 euro hain zuzen. Horrez gain, beste apurketa batzuk ere egin zituzten.

Udalak honakoa jakinarazi du prentsa ohar bidez: "Ekintza horiek guztiak herritarron askatasunaren aurkako eraso zuzenak dira, elkarbizitza onaren aurkakoak. Udalarentzat, herritar guztiontzat, zehazki 2.000 euroko galerak ekarri dituzte, eta horrek, dirua konponketetan erabiltzea suposatzen du, herritarrok ditugun beharretan erabili beharrean. Errespetuan oinarritutako gizartea eraiki nahi badugu, errespetuz jokatu behar dugu, horrelako jarrerak inongo lekurik ez dutelarik".

Eta bukatzeko irailaren 25 goizaldean erasoren bat jasan zuten herritarrei elkartasuna adierazi gura izan diete Udal ordezkariek: "Aurrerantzean, horrelako jokaera zentzugabeak errepikatzea onartuko ez dugula, aretxabaletarrok elkarbizitza onean bizitzen jarraitu nahi dugulako".

Apurketen kostua

Udal jabetzako apurketen kostua:

- Bidegorriko hesia: 1.154,00 €

- Basabe bideko ispilua: 125,02 € materiala + 30 € muntatzea

- Bidegorriko tunelean, Eskoriatzara bidean, fokuak: 319,18 €

- Guztira: 1.921,28 € (1.628,20 € + %18 BEZ)

Udalak konpondu beharreko horiez gain, beste apurketa batzuk ere izan dira: Mitarte plazako ile-apaindegiko eta Murubideko bi atarteetako kristalak; Santa Kurtz kalean aparkatuta zeuden hainbat autotako ispiluak; eta Kebab postua iraulita, Mitarte kalean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak