Garaiko barazkiz betetako otzarak banatzen hasi dira

Mirari Altube Arrese 2011ko irailaren 27a

Apirilean sortu ziren Biolurrek sustatutako kontsumo taldeak gurean, eta joan zen astean jaso zituzten lehenengoz, barazkiz betetako otzarak. Aurrerantzean martitzen guztietan jasoko dituzte garaiko produkturik onenak ortutik zuzenean ekarriak; hortaz, gaur (19:00) dute hitzordua parrokia aurrean kontsumo taldeko kideek.

Aramaioko Pedro Lizarraldek lau lagunendako otzarak ekarriko ditu, eta gainerakoak, Aretxabaletako Maria Jesus Revueltak; zazpi handi eta sei txiki. Guztira 17 herritar hasi dira jasotzen.

Ortua Eraña auzoan

Maria Jesus Revuelta ez da baserritarra, baina Derioko nekazari eskolan ikastaro bat egin zuen eta bost urteren ondoren lehenengo uzta jaso du ortuan: "Zarbak, piperrak, porruak, letxugak berenjenak…, eta datorren asterako tomateak eta lekak izan gurako nituzke", dio.

Eskoriatzako Eraña auzoan dauka ortua, 7.000 metro karratu inguru, baina horietatik 3.000 ditu landatuta eta beste 2.000 inguru kiwi zuhaitzekin. Bi negutegi ditu, gainera, 40 bat metro luze eta 5 metro zabal dituztenak: "Batean lekak eta tomateak ditut gehienbat, eta bestea hutsik dago. Dagoeneko lurra gertatuta daukat hor eta orain hasiko naiz espinakak landatzen".

Kontu honekin hastea ez zela samurra izan du gogoan: "Hastea kosta egin zaigu, baina laguntza izan dugu. Jaurlaritzak, nekazari bulegoak eta Biolurrek asko lagundu digute, batetik aholkularitza eta bestetik laguntzak emanda". Eta produktu ekologikoen izendapena lortu du.

Bezeroekin zuzenean

Orain dela bi aste ortua erakutsi zien bezero dituenei eta bere asmoen berri eman: "Esan diet hasten gabiltzala eta barietate handia ez dugula orain. Baina gero eta produktu gehiago landatzen gabiltza, eta euren iritzia jakinda hobetzen joango gara. Nire asmoa astero otzara ezberdinak eskaintzea da".

Aurrera begira dituen asmoen artean daude astero 20 otzara handi gertatzea eta fruitu arbola gehiago landatzea: "Sagarrondoak, esaterako; eta ea kiwiak datorren urtean jasotzen ditugun".

Ogia, gazta eta arrautzak ere bai

Garaiko barazki eta fruituekin betetako otzarekin batera beste produktu batzuk eskuratzeko aukera ere badute kontsumo taldekoek. Etxezuri baserrikoek (Galartza) osoko ogia eta gazta ekartzen dituzte, eta Mendibitzu baserrikoek (Arkarazo), arrautzak. Mendibitzukoek, okela ere eskaintzen dute eurekin harremanetan jarriz gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak