Ate joka ditugu Aretxabaletako San Migel jaiak. Aurtengo berrikuntza nagusia argazki rallya izango da; Kultura Sailak eta Argazki Taldeak antolatu dute biharko, hau da, zapaturako. Sariak San Migel ostean banatuko dituzte, besteak beste, bilduma onena egiten duenari 150 euro emango dizkiote eta argazki onena ateratzen duenari 50. Rallyra aurkeztutako argazkiak, gainera, Aretxabaletako Argazki Artxiboarendako izango dira.
Egubakoitza
Hori berritasunei dagokienean, baina bestalde, urtero izaten diren ekitaldiak nagusitzen dira egitarauan. Gaur, egubakoitza, Aretxabaletako hiru talden kontzertuak izango dira, baita kale antzerkia ere.
Zapatua, egun nagusia
Bihar, zapatua, izango da San Migeletako egun nagusia; artisau eta nekazaritza ekologikoen feria egingo dute urtero bezala. Presoen eskubideen aldeko bazkari herrikoia ere izango da eta horren osterako Loramendik eta Gazte Ekimenak beste ekintza batzuk antolatu dituzte: 19:00etan Larrain dantza egingo dute eta 19:30ean Eskoriatzako Burrunba Keleke taldeak emanaldia egingo du.
Domeka
Domekarako ekintza nabarmenen artean herri kirolak daude, eta horrez gain, Leizarra Musika eskolaren 25. urteurrena ospatzeko Aretxabaletako abesbatzak kantu eta dantzez osatutako ikuskizun bat ere prestatu du.
Zigor Quintanilla Aretxabaletako Kultura batzorde buruak herritarrendako mezu bat gaineratu nahi izan du; San Migel jaietan herritarrei parte hartzeko deia egin nahi izan die.