"Gure etxeak nahi ditugu" diote Txarapeako bizilagunek

Mirari Altube Arrese 2011ko irailaren 23a

Gure etxeak nahi ditugu! leloarekin elkarretaratzea egin zuten eguazten arratsaldean Txarapea ibilbideko 1 eta 2 etxe blokeetako bizilagunek. Zazpi urteren ostean oraindik bukatu barik egotea, lanak geldi eta argibiderik ez dutela jaso salatu zuten 100 bat lagunek.

Deba ibaiaren ostean etxe mordoa egin dituzte azken zazpi urteotan Aretxabaletan. Eguzkienea promozioa izendatu zuen Bruesa Taldeak lanak hasi zituenean, eta 420 etxe inguru daude. Horietako 100 babes ofizialekoak dira, eta erdiak hilabete honetan emango dituzte eta gainerakoak, martxo inguruan. Beste 320 etxeak, 10 bloketan banatuta daude; 40 inguru libreak dira eta gainerakoak, 280 bat etxe tasatuak.

Etxe tasatu horien zozketa 2004ko abenduan egin zuten eta ia zazpi urte pasatu badira ere, oraindik bukatu barik daude bloke guztiak. "Bukatu barik, lanak geldi, eta ezer garbirik ez dakigula", diote bizilagunek.

Lanak geldi ekainetik

Ekainaz geroztik daude lanak geldi kiroldegi atzean dauden bi blokeetan, bizilagunen esanetan "Bruesak egin beharreko ordainketak ez dituelako egiten". Uztailean Kutxa eta administratzaile konkurtsala akordiora iritsi zirela zabaldu zuten komunikabideek, eta  abuztuan akordio hori sinatu eta irailaren 1ean lanak hasiko zituztela. Akordio hori, baina, oraindik sinatu barik dago; eta bien bitartean lanak geldi: "Epaile baten sinaduraren zain daudela aurrera egiteko esan digute, baina jakin ez", diote.

Argibiderik ez zazpi urtean

Bukatzeko dauden blokeotako lanak oso motel joan dira. Zozketa egin eta obra baimena lortzerako hiru urte pasatu ziren, eta lanak hasterako 2008ko uztaila zen. Lanok, bi urtean bukatuko zituztela iragarri zieten orduan, eta sei hilabeteko luzapena gehitu, badaezpada. Burukominak, baina, iaz hasi ziren, ekainean lanok eten egin zituztenean eta ondoren, azaroan, Bruesa Construccion lege konkurtsalean sartu zenean. Kutxak beregain hartu zituen gero gremioei egin beharreko ordainketak, eta abenduan lanei ekin zieten berriro. Martxoan, baina, beste geldialdi bat etorri zen, astebetekoa, eta azkena ekainean.

Bizilagunek, kezkatuta lanen nondik norakoekin, gertutik egin diete jarraipena azken urtean, nahiz eta argibide gutxi jaso: "Honen aurrean bizilagunok salatzen dugu urte hauek guztiak zain egotearekin batera izan dugun informazio falta. Eta gaur egun mesfidantza handiz hartzen ditugu iristen zaizkigun berriak".

Udalaren erantzukizuna

Bestalde, Aretxabaletako Udalari "inplikazio handiagoa" eskatu gura izan diote, "euren erantzukizuna ere badelako".  "Batetik, herritar mordoa gaudelako etsipen egoera honetan, eta bestetik, Udal etxe tasatuak direlako; hau da, Udalak sustatutako etxeak".

Ana Bolinaga alkateak bazuen elkarretaratzearen berri eta bertara hurbildu zen argibideak emateko gertu: "Udalak ez dauka zereginik kontu honetan, epaile baten eskuetan dagoelako". Hala ere, Udalaren eskuetan dagoen guztia egiten saiatu izan direla beti "etikoki" hala dagokiola uste duelako gaineratu zuen: "Ulertzen dut haserrea, baina administratzaileari deitu diogu, Kutxari ere bai, eta guk ezi dugu gehiago egin"

Ekimen gehiago aurrerago

Elkarretaratzea "haserrealdia publikoki erakusteko lehenengo pausoa" izan dela adierazi dute eta aurrerantzean ekimen gehiago egingo dituztela iragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak