Goroeta eta Ugastegiko kontuen berri emango dute Loramendiko kideek domekan

Mirari Altube Arrese 2011ko irailaren 16a

Domekan, hilak 18, hirugarren ibilbide historikoari dagokion bigarren zatiaren berri emango du Loramendi Elkarteak. Goroeta eta Ugastegi auzo inguruetako txokoak ezagutu eta bertako kontuen berri jasoko dute ibilaldia egitera doazenek.

Hitzordua Herriko Plazan dagoen 82. kilometroan dute ohi legez (09:00). Automobiletan joango dira handik Goroeta auzoraino, eta gero handik gora Ugastegira jo. Umeak autoetan igotzeko aukera eskainiko dute antolatzaileek.

Toponimia taldekoak gidari

Hirugarren ibilbidearen lehen zatia ekainean egin zuten. Orduan Arkarazo auzoa ezagutu eta Areantzaraino iritsi ziren, baina eguraldi eskasa tarteko ez zuten aurrera egiterik izan. Oraingoan Goroetako paraje eta kontuak ezagutuko dituzte, bertako baserrietatik pasatu, bazterrak ezagutu eta historia kontuak eta sasoi bateko istorioak jakin. Gero Urkulu urtegitik gora dagoen Ugastegi auzora igoko dira, eta bertan egin antolatzaileek eskaintzen duen hamarretakoa, indarrak berreskuratzeko.

Loramendiko Toponimia Taldea dabil herri eta auzo inguruetako ibilbide horiek gertatzen. Eta bertako kideak izango dira domekan ere gidari lanetan ibiliko direnak, tartean gure herriko kontu asko dakizkien Jesus Osinaga. Ibilbidearen nondik norakoak jasotzen dituen liburuxka ere banatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak