Gaur, Andramari eguna, meza izango dute jaiak hasteko (19:00). Eta ondoren mokadutxoa eskaini, tantaia igo eta Martin Kabarrixa pertsonaia ezaguna zintzilik jarriko dute "arropetarako diru eskean". Bihar, hilak 9, kanpai-joaldia izango dute lehenengo (20:00), eta ondoren auzo-afaria (20:30) Iñigo musika joleak lagun eginda.
Zapatuan jolas asko
Txistularien dianak esnatuko ditu zapatuan auzotarrak (10:30) eta meza nagusia izango dute gero (12:00), Basotxo erretiratuen elkarteko abesbatzarekin. Ondoren mokadutxoa izango da auzoko jeneroarekin. Trikitilariak eta txalapartariak ere bertan izango dira.
Auzo galdeketa izango dute gero, Martin Kabarrixaren traje berriaren gainean. Eta bazkaltzen joan aurretik 27. Jinkana jolasa egingo dute. Arratsaldean (17:45) ere jolasak izango dituzte: musika jolasa, txapel jaurtiketa, hegazkinak… Eta eguna bukatzeko (20:00) 26. Aro-sartze txapelketa.
Domekan, ostera, Kurtzebarri Eguneko ospakizunekin bat egingo dute eta bertara joko dute aurtengo argazki ofiziala ateratzeko. Jaiak eguerdi partean bukatuko dituzte Martin Kabarrixa etxeratuta.