Orain dela ia zazpi urte egin zuten etxe tasatu horien zozketa eta lanak oso luze joan dira ordutik. Hain zuzen orain urtebete ere antzeko egoeran zeuden etxeak, geldi eta lanak ezin bukatuta. Orduan konponbidera iritsi ziren eta orain ere Bruesa enpresa eraikitzailea, administratzaile konkurtsala eta Kutxa akordiora iritsi dira Txarapeako bi etxe blokeok amaitzeko. Kutxak finantzatuko ditu lan horiek, eta lanei irail hasieran berrekitekotan geratu ziren uztailean. Hala, urtea bukatu aurretik etxeak bukatuta izatea aurreikusi dute.
Bruesa enpresaren egoera ekonomikoa tarteko, zalantzan egon da etxeok amaituko ote zituzten; etxeon jabe behar dutenek ezkor izateko arrazoiak zituzten, behin baino gehiagotan geratu direlako lanak; baina egoera aldatu egin da akordioa lortuta. Akordio horren arabera Kutxak hartuko du beregain eraikuntza lanen finantzaketa, eta trukean saldu gabe dauden etxeekin geratuko da. Ana Bolinaga alkateak baieztatu egin zion hori guztia Goienari uztaileko azken egunetan, eta "Aretxabaletarako oso albiste ona" zela gaineratu.
Ibai alboko pasealekua egiteko
Bruesak egiteko dituen lanak, baina, ez dira horrekin bukatuko, inguruko urbanizatze lanak ere bukatu barik dituelako. Hain zuzen Deba ibaiaren beste aldeko pasealekua egiten hasita daude –kiroldegi ingurutik Iturrizar plazaraino doan pasealekua– eta ibilbide itxura hartuta ere badu, baina uztailean eten zituzten lanok eta oraindik asko dago egiteko.
Babes ofizialekoak bukatzen
Bestalde, Txarapean dauden babes ofizialeko bi etxe blokeetako bat dagoneko bukatuta dago, eta irailean jasoko dituzte horien giltzak jabeek. Beste blokeko lanak ere aurrera doaz, eta datorren urteko martxo ingururako bukatuta izango dituztelakoan daude jabe izango direnak.