Antolatzaileek egindako kalkuluen arabera, 12:53ean iritsiko da irabazlea Durana kaleko helmugara. Aurretik 126 kilometroko ibilbidea izango dute txirrindulariek. Tartean bi aldiz igaroko dira Gatzagako mendatetik, 47. kilometroan (11:00ak aldera) eta 100. kilometroan (12:15ean gutxi gorabehera), probako azken zatian. Bigarren igoera hori erabakigarria izan daiteke. 23 urtetik azpiko eta elite mailako txirrindulari onenak etorriko dira bihar Aretxabaletara.
Esan bezala, probaren 73. ekitaldia da biharkoa. Irabazleen artean, besteak beste, Eusebio Bastida lehenbiziko edizioa irabazi zuena (1932), Dalmacio Langarica (1948), Miguel Mari Lasa (1967), Angel Arroyo (1976), Juan Fernandez (1977), Jokin Mujika (1980), Mikel Lizarralde (1981) eta Markel Irizar oñatiarrak (2001) edo Werner Nijboer (1991) ageri dira. Iaz Enrique Sanzek eraman zuen itzulia.