Bruesa enpresaren egoera ekonomikoa tarteko zalantzan egon da bi etxe-blokeok amaituko ote zituzten; etxeon jabe behar dutenek bazituzten ezkor izateko motiboak azken aste hauetan, baina egoera erabat aldatu da eta Bruesak, administratzaile konkurtsalak eta Kutxak akordioa lortu dute.
Akordio honen arabera Kutxak hartuko du beregain eraikuntza lanen finantzaketa, eta trukean saldu gabe dauden etxebizitzekin geratuko da. Honenbestez, irailaren 1ean berrekingo diete lanei, eta urtea amaitu aurretik bukatuko dituzte etxeak.
Goienak jakin ahal izan duena baieztatu egin digu Ana Bolinaga alkateak, eta Aretxabaletarako oso notizia ona dela gaineratu digu. Badirudi, beraz, amaitzera doala hainbat aretxabaletarren amesgaizto luzea, zazpi urte dira-eta etxeok egiten hasi zirela.