Lore Martinez atxabaltarra Foru Aldundira

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko uzt. 19a, 18:11

Lore Martinez Axpe aretxabaletarra izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusia. Lore martinez EAko zinegotzia ere bada Aretxabaletan. Injineru informatikoa da lanbidez. Goienako kolaboratzaile ohikoa da, Goiena telebistako Tertulia saioan eta baita papereko zutabegile gisa.

Gaurko Diputatuen Kontseiluak, Gipuzkoako Foru Aldundiko oinarrizko departamentuen egiturari buruzko Foru Dekretua onartu du, agintaldi honetako kargu politikoen egitura definituz.

Hala, sail ezberdinetako zuzendarien izenak aditzera eman ditu. Behin Foru diputatuak zehaztuta, zuzendari nagusiak izendatzea falta zen, egitura amaitzeko. Eta duela gutxi ezagutzera eman dituzten 12 zuzendari nagusien artean, debagoiendar bakarra dago: Lore Martinez Axpe.

Diputatuen kontseilua, bestalde, zortzi lagunez osatuta dago eta, horien artean, hiru debagoiendar daude, Martin Garitano diputatu nagusiaz gain, Larraitz Ugarte oñatiarra, Mugikortasun eta Bide-Azpiegiturako diputatua eta Foru Gobernuko bozeramailea, eta Ander Rodriguez arrasatearra, Gizarte Politiketako diputatua, hain justu ere.

Honako hauek dira gaur izendatu dituzten zuzendari nagusiak:

  • Zigor Etxeburua Urbizu: Euskara zuzendari nagusia
  • Arantxa Ruiz De Larrinaga Olaizola: Herritarren Partaidetzarako zuzendari nagusia.
  • Markos Nanclares Hermosa: Migrazio eta Aniztasun zuzendari nagusia.
  • Txelo Perez Martinez: Ezinduen Laguntzako zuzendari nagusia.
  • Jon Lasa Laboa: Eskubide ekonomikoen, Haurren babesaren, Gizarteratzearen eta Enpleguaren zuzendari nagusia.
  • Arantzazu Santos Zirikian: Lankidetzako zuzendari nagusia.
  • Luis Elizegi Mendizabal: Araubide Juridikoko zuzendari nagusia.
  • Jose Luis Rezabal Zurutuza: Funtzio Publikoko zuzendari nagusia.
  • Xabier Olano Jauregi: Ogasun zuzendari nagusia.
  • Jesus Mari Agirrezabala: Finantza eta aurrekontu zuzendari nagusia.
  • Oscar Usetxi Blanco: Berrikuntzaren eta Jakintzaren Sustapen zuzendari nagusia.
  • Lore Martinez Axpe: Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusia.

EAE-ANVko alkate bi

Foru Gobernuaren egituran, aurreko agintaldian EAE-ANVren zerrendetan aurkeztu ziren eta Gipuzkoako bi herri garrantzitsuko alkate izan zirenak ere ageri dira. Batetik, Marian Beitialarrangoitia, Hernaniko alkate izandakoa eta, besteak beste, Egin Irratiko eta Euskadi Irratiko kazetaria izandakoa. Gipuzkoako Foru Gobernuko komunikazio arduraduna izango da. Bestetik, Iñaki Errazkin, Azpeitiko alkate izandakoa eta ahaldun nagusiaren kabineteko buru izango dena.

%20ko murrizketa soldatetan

Foru Aldunditik aditzera eman dutenez, Gipuzkoako Foru Gobernu berriak, 1.000.000 euro, hau da, %20, aurreztuko ditu urtean kargu politikoen soldatetan.

Gaur onartutako egiturak gutxitu egin du aipatutako karguen kopurua. Foru Aldundiko iturrien arabera, lehengo gobernuak, guztira, 83 kargu zituen: 79 zuzenak eta beste 4 prentsa bulegoa osatzeko azpikontrata bidez. Oraingoak, berriz, 64, guztira. Egitura berrian, denak kargu politikotzat hartu eta zuzenean Foru Aldundiak kontratatuko ditu. Horrez gain, parte hartzeak zuzendaritza bat izango du aurrerantzean, "agintaldi honetan parte hartzeak hartu nahi duen garrantzia dela-eta".

Kargu kopurua bakarrik ez, hauek jasoko duten soldatan ere egin ditu murrizketak Foru Gobernuak. Diputatu nagusiaren soldata %15 jaitsiko da eta urtean 74.915 euro kobratuko ditu, aurrekoak baino 13.221 euro gutxiago. Foru Diputatuen soldata ere %10 jaitsi du, 71.792 eurotan utziz. Aurrekoekin alderatuz gero, 7.977 euro gutxiago jasoko dituzte urtean Foru diputatu berriek. Gainerako kargu politikoen soldatak ere jaistea erabaki du Diputatuen Kontseiluak, guztira, 1.000.000 euro aurreztuz: urteko, %20.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak