Imanol Ramos: "Aktoreak tratatzen jakin egin behar dela ikasi dut 'Aguila Roja'-n lan egin dudan denboraldian"

Asier Alkorta 2011ko uztailaren 19a

Bizitza honetan zer egin nahi duen argi dauka eta helburuak ere ondo finkatuta ditu. Ikus-entzunezko ikasketak egin eta gero, Madrilera salto egin zuen iaz, fikziozko telesailen errealizazio eta edizioan oinarritutako masterra egiteko. Han eta hemen burua sartuz, azkenean, Aguila Roja telesailean egin ditu praktikak. Zuzendariaren aldamenean jarrita, Imanol Ramosek (Aretxabaleta, 1988) telesaileko xehetasun guztiak gertutik ezagutu ditu.

Nola amaitu duzu Aguila Roja telesailean lan egiten?
Nik egin dudan masterrak Globomedia produkzio etxearekin zuen hitzarmena eta niri Globomendian muturra sartzea interesatzen zitzaidan, telesailen munduan Madrilen dagoen enpresarik handiena delako. E-postaz bidali ziguten lan eskaintza zegoela bertan eta aurkeztu egin nintzen. Hasiera baten, El barco telesailean lan egitea tokatu zitzaidan eta niri ez zitzaidan gustatzen telesail hori. Beste kide bati Aguila Roja-n lan egitea tokatu zitzaion eta harekin aldatu nuen.

Behin barrura sartuta, zer lan egitea egokitu zaizu?
Denbora osoan zuzendariarekin egon naiz. Egun osoan haren aldamenean egon eta harekin ikastea zen nire egitekoa. Miguel Alcantud da hura, eta oso jatorra izan da. Ospe handiko zuzendaria da, eta, proiektu askotan sartuta egoteaz gain, jende ospetsu askorekin lan egin izan du. Orokorrean, asko ikasi dut harekin. Besteak beste, aktoreekin komunikazio eta harreman ona izaten irakatsi dit hark.

Zaila al da, ba?
Bai. Aktoreak tratatzen jakin egin behar dela ikasi dut. Motibaziorik eza gertatzen zaie askotan eta horren guztiaren zama zuzendariarengan dago.

Aurretik telesaila jarraitzen zenuen?
Egia esan, ez nuen askorik ikusten, baina banekien zeri buruz zen. Gainera, banekien platotik kanpoko grabazio asko egiten zituztela, eta hori interesatzen zitzaidan. El barco telesailean, aldiz, grabazio gehienak, guztiak ez esatearren, barruan egiten ziren, eta arrazoi horregatik nahiago nuen Aguila Roja.

Lantaldea handia izango zen, ezta?
Oso handia. Kategoria handiko espezialistak ere bazeuden.

Gustura ibili zara eurekin lanean?
Oso gustura. Oso gazteak ziren denak eta horrek harritu egin ninduen. Gainera, ni bezala praktiketan zeuden beste gazte asko zeuden, nor bere alorrean, noski.

Telesail baten atzean lan eginda, telesailak berak duen misterioa galdu egiten da?
Egia esan, bai. Adibidez, Aguila Roja-ren kasuan, oraingoz, hirugarren denboraldiaren erdia emititu da eta nik badakit bosgarren denboraldira arte zer gertatzen den. Gidoi aldetik misterio hori galdu egiten da, baina beste misterio bat dago hor: zuk lan egin duzun lekua telebistan ikustea. Horrek beste misterio bat dauka eta telebistan emititu arte ez duzu ikusten.

Lanean zorrotza zara?
Bai. Eta gustatzen ez zitzaidan zer edo zer egiten bazuten, esan egiten nion zuzendariari. Zuzendariak ere kasu egiten zidan.

Beraz, askatasuna eta parte hartzeko aukera eman dizute.
Bai, erabat. Zuzendaria irekia zen eta hark hasieratik esan zidan gauzak esateko eta nituen galderak egiteko.

Zein izan da esperientzia horretatik atera duzun ondorio positiboena?
Dena izan da ona. Mundu honetan lan egin nahi baduzu, horrelako lan batetik pasatu behar duzu aurretik, ezinbestean. Soinua, argazkilaritza, errealizazioa... alor guztietatik ikasi dut; denei galdetzen nien. Eta kontaktu asko egin ditut.

Orain Aguila Roja-n amaitu duzula, ze plan duzu?
Proiektu asko ditut. Tartean, produkzio etxe berri bat sortzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak