Lagun arteko giroa izan da nagusi Ibarran eta bero handia egin arren gogotsu ekin diote partiduari bi taldeek. Etxekoek izan dituzte aukera gehiago lehenengo zatian, lau bat aukera benetan politak, baina sareetan asmatu ez. Eta barkatzen duenak gero jaso egin dezake eta hala, bi gol sartu dizkiete Eibarkoek lehenengo zatia bukatu aurretik.
Aretxabaletako jokalariek aspalditxoan entrenamendu saio gutxi egin dituztela erakutsi dute, eta hainbat ezin jokatu geratu dira bigarren zatirako. Hala, aldaketak egiteko jokalari nahikoa ez eta bigarren atezaina ere, Xabi Lasagabaster, jokalari ibili behar izan da. Eibarkoak, ostera, freskoago zeuden eta beste hiru gol egin dituzte. UDAkoen gol bakarra ere bigarren zatian iritsi da.
Helduak eta gazteak, elkarrekin
Sasoi baten ibilitakoak, Eduardo Altube –UDAko presidente ohia– eta Inaxio Garro –alkate ohia– tartean, eta erretiratu berriak –Jon Iregi– elkartu dira gaur zelaian. Eibarko taldean, ostera, Gaizka Garitano zegoen –Realean eta Alavesen ere ibilitakoa–, baita Igor Arenaza aretxabaletarra ere. "Eibarkoak gutxienez hamabostean behin elkartzen direla esan digute eta entrenatu; gu, ostera, noizean behin, eta hori igarri egiten da gero. Sarri esan izan dugu elkartzen hasi behar garela baina…", esan du Inaxio Garrok.