Andramaixetako kartel lehiaketara sei irudi aurkeztu zituzten eta epaimahaiak Nerea Altubek egindakoa hautatu du. 300 euro jaso ditu horrek, eta egitaraua egiteko erabiliko dute. Aurkeztutako kartel guztiak Arkupeko sarreran dauzkate herritarrek ikus ditzaten.
Era berean, Prebentzio Zerbitzuak deitutako esaldi lehiaketak ere baditu irabazleak. 18 talde aurkeztu dira, eta guztira 66 esaldiren artean hautatu behar izan du epaimahaiak. Prebentzio teknikariaren esanetan prebentzioaren aldeko esaldiak aurten oso gutxi izan dira eta horietako bat ere ez dute saritu. Andramaixetako egitarauan erabiliko den leloa Juan Mari Agirreurretak egin du eta 120 euro jaso ditu saritzat: Ze poza eta ze giro, Andramaixak berriro!
Horrez gain jaiak girotzeko pegatinak egingo dituzte beste hiru esaldirekin: Andramaixetan beti bero, homo, bi eta hetero! –Miriam eta Maitane Arregi–; Jai eta algara artien, Andramaixetan egun dana kalien –Maider Elorza, Jaione Mendikute eta Uxue Balantzategi–; eta Andramaixak; hasi, hezi; zarena adierazi –Gorka Arbulo–. Hiru horien egileek 60 euro jasoko dituzte.