Hona hemen autobusek egingo duten ibilbide berria (bi noranzkoetan berdina): Araba ibilbidea-Loramendi-Nafarroa-Txarapea-Lausitta-Murubide-Otalora. Eta hiru geltoki daude: nagusia, Txarapea ibilbidekoa –Donostia eta Gasteizera doazenak geratuko dira–; Araba ibilbidekoa –lehendik dagoena–; eta Lausitta kalekoa –berria–.
Hilaren 11tik aurrera berriro Azbera
Herritar asko, baina, ez daude batere konforme aldaketokin eta sinadurak batzen ibili dira azken asteotan, batez ere Lausitta eta Loramendi kaleetan.
Lanean hasi berri den Ana Bolinaga alkatea herritarren kezka eta haserreen jakitun da, eta beste irtebideren bat topatzeko asmotan Pesa autobus zerbitzuko arduradunekin elkartu zen atzo eguerdian. Hala, Gasteiz eta Donostiarako autobusek berriro ere Azbe lantegi parean izatea geltokia adostu zuten. Uztailaren 11tik aurrera izango da hori, herritarrei behar bezala jakinarazi ostean.
Zarata eta arriskua
Loramendi eta Lausitta kaleetako bizilagun askok uste dute okerreko erabakia izan dela berriro autobusak herrian sartzea. Izan ere, astegunetan 135 bat autobus ibiliko dira egunero joan-etorrian, astean 700 baino gehiago. Eta horiek zalaparta eta arriskua ekarriko dutela diote: "Loramendi kale lasaia da; alde batean umeen parke bat dago eta bestean kiroldegia. Hortaz, jende asko ibiltzen da atzera eta aurrera. Autobusek arriskua ekarriko dute gure kalera".
Ibilbidea aldatzeko erabakia aurreko agintaldiko Udalak hartu zuen, eta arrazoia izan zen herriko iparraldeko bizilagunak –Otalora, Santa Kurtz, Bedarreta, Lausitta… kaleetakoak– geltoki barik zeudela. Hala ere, Lausittako bizilagun guztiak ez daude gustura etxe aurrean jarritako geltokiekin: "Zalaparta handia ekarriko du, arriskua, zarata…".
Markesina modernoak
Geltoki horietan guztietan markesina berriak jarri dituzte, punta-puntako teknologia dutenak: ukimen pantaila, argi artifiziala eta irratia. Hala, informazio interesgarria izango dute herritarrek eskura, tartean autobusen joan-etorrien eta osasun etxeko telefonoen berri. Eta autobusa noiz iritsiko den ere jakinaraziko dute.