Horixe kontatu digu Uxue Eraña aretxabaletarrak: "Beharbada, kasualitatea da, baina egia dena da Ingalaterrako ezkontzaren ostean buruko askoz gehiago ikusten direla hemengo ezkontzetan ere. Ingalaterran beti eraman izan dira burukoak, baina hemen gauza berria da".
Burukoetan espezialista
Uxue Erañak 26 urte ditu eta Moda Diseinua ikasi zuen Bartzelonan. Ondorenm ikastaro berezia egin zuen, Sombrereria y tocados, eta ordutik hona burukoak dira haren espezialitatea: "Argi neukan zerbait desberdina egin nahi nuela. Arroparekin zailagoa da originala izatea eta ikusi gabe dagoen zerbait egitea, eta erabaki nuen burukoekin errazagoa izango zela, hemen ez dagoelako oraindik ohitura handirik horrelakoak erabiltzeko".
Joan den urteko martxoan hasi zen burukoak egiten, eta, lehenengoak opari egin zituen arren, berehala konturatu zen merezi zuela salgai ipintzea: "Lehenengoak lagunendako egin nituen, baina ahoz aho zabaldu zen burukoak egiten nituela eta jendea ezkontzetarako enkarguak egiten hasi zen; horrelaxe hasi nintzen. Orain, Belar Meta dendan tailertxo bat daukat eta hor egoten naiz. Aurten iaz baino askoz buruko gehiago egiten ari naiz".
Txikitxoak nahiago
Ezkontza denboraldia dugu orain bete-betean eta Erañak kontatu digu oso lanpetuta dabilela: "Argi dago burukoek asko janzten dutela, oso dotoreak dira. Soinekoa oso ikusgarria ez bada ere, buruko bat janzten baduzu asko irabazten duzu". Dena dela, esan digu gurean, oraindik ere, jendeak buruko oso txikiak erabiltzen dituela: "Gauza berria da eta jendeak txikiak nahiago ditu, buruan detailetxo bat besterik ez dute nahi".
Ingalaterrakoaren ostean, bihar, Monakoko printzearen txanda da. Iritsiko ote da Monakoko tendentzia ere Debagoienera?