Kilometro eskas duen pasealekua izango da ibaiaren beste aldekoa. Aurretik dagoeneko eginda zeuden tarte txiki batzuk, baina Bruesak azken urteotan egindako etxebizitzen lanak direla eta, apurtuta, lurrez beteta eta desitxuratuta zeuden tarteok.
Hori horrela, apirilaz geroztik egokitzen eta txukuntzen dabiltza bide zatiak, hain zuzen Txarapeako etxeen azpiko aldean daudenak. Horien ardura Bruesak dauka, eta haren langileak dabiltza hondeatze-makinekin lurra kendu eta lurzoru egokia jartzen. Bukatutakoan kolore gorrixka izango du, bidegorriek legez, eta baranda jarriko dute segurtasuna bermatzeko.
Egurrezko zubia
Txarapea ibilbidea eta pasealeku berriaren artean lur saila dago. Oraindik lur asko daukate bertatik kentzeko eta argindarraren linea ere kenduko dutela jakinarazi dute Udaleko hirigintza teknikariek, baina bertan ez dago ezer egiterik pentsatuta: "Partzela hori ekipamenduetarako da eta oraingoz behintzat ez da besterik egingo".
Pasealeku guztia egokitzeko ez dakite zenbat denbora beharko duten langileek. Baina behin lanak bukatutakoan Andramari auzune parean dagoen egurrezko zubia herritarrendako zabalduko dute. Hala, Belorrieta eta Andramari auzuneetatik Txarapea ibilbidera joateko aukera izango da bertatik.