Markel Uriarte: "Enduro probetan oinez igotzen da eta gero oso azkar jaisten da"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko eka. 28a, 02:00

Datozen egunotan buru-belarri Urkuluko zirkuitua prestatzen ibili beharko duela esan digu Markel Uriartek. Euskadiko txapelketari dagokion Legutioko V. jaitsieran hirugarren egin zuen aretxabaletarrak. Uztailaren 3an II. mendi bizikleta eta I. enduro proba egingo dute Aretxabaletan. Hori antolatzen dihardu.

Zorionak, Euskadiko txapelketan hirugarren egin duzu!

Bai, eskerrik asko! Ondo joan zen dena Legution eta pozik nago lortutako emaitzarekin.

Nolako lasterketa izan zen?
Ohikoena da bi jaitsiera egitea. Goiz osoan entrenamenduak egiten ibili ginen eta arratsaldean lasterketak egin genituen. Bi jaitsiera egiten ditugu, eta bietako denbora onena hartzen dute kontuan sailkapena egiteko.
Adibidez, lehenengo jaitsieran denbora onena egin nuen eta denbora horrekin hirugarren sailkatu nintzen.

Espero zenuen Euskadiko txapelketan hirugarren postua lortzea?
Ez, ez nuen espero; izan ere, oso jende onak parte hartu zuen lasterketan. Inguruko jende onena joan zen txapelketara.

Hala ere, Legutioko zirkuitua ondo ezagutzen zenuen.
Bai, askotan joaten naiz hara entrenatzera eta zirkuitu guztia ezagutzen nuen.
23 urtez azpikoetan hirugarren egin nuen eta maila guztiak kontuan hartuta bosgarren.

Ondo ezagutzen zenituen aurkari izango zenituenak?
Badira urte batzuk mundu honetan nabilela eta guztiok elkar ezagutzen dugu. Banekien nortzuk izango ziren aurkariak, eta baita nortzuk ibiliko ziren ondo ere.

Nola sartu zinen bizikletaren munduan?
Lehenengo, trialsinarekin hasi nintzen; gero, mendi bizikletarekin jarraitu nuen; eta azkeneko hiru urteetan, jaitsierak egiten nabil. Hala ere, mendiko bizikleta egiten dut noiz edo noiz.

Jaitsierak ez dira oso ezagunak gurean. Nola hasi zinen jaitsierak egiten?
Betidanik gustatu izan zait. Urte asko daramatzat bizikletaren munduan eta jaistea igotzea baino gehiago gustatu izan zait. Beti oso azkar egin izan ditut jaitsierak.

Dorletako Ama-Lizarralde taldeko zenbat lagun joan zineten Legutioko probara joan den aste bukaeran?
Taldekide asko Madrilera joan ziren mendi bizikleta lasterketa bat egitera. Hala, bi besterik ez ginen joan Legutioko lasterketa egitera.

Debagoien mailan zenbat lagun ibiltzen zarete jaitsierak egiten?
Taldeko lau bat lagun ibiltzen gara jaitsierak egiten; Bergarako beste bi, Antzuolan beste bat... Elgetako lagunak ere badaude; adibidez, Txomin de Vega. Andorrako lasterketan hanka apurtu zuen eta ezin izan zuen Legution parte hartu.

Zein da gehien gustatzen zaizun zirkuitua?
Urkulukoa asko gustatzen zait. Orain dela hiru bat urte egin genuen, lagun batek egin zuen, eta asko ibiltzen naiz zirkuitu horretan.

Datorren astean, lehenengo enduro proba egingo duzue Urkulun.
Bai, enduroko lehenengo proba izango da, eta, horrez gain, bigarren mendi bizikleta proba ere egingo dugu. Uztailaren 3an izango da, domeka.

Nolako zirkuitua antolatu duzue?
Aretxabaletako plazan hasiko dugu lasterketa; Mendiolatik Peñakulora igoko gara eta handik Kurtzebarrira. Gero, ibilbide bat Areantzara jaitsiko da eta beste ibilbidea Orkatzategi ingurura joango da. Bi ibilbideak nahiko paraleloak izango dira.
Mendi bizikletaren lasterketa luzeagoa izango da eta endurokoak, ostera, jaitsiera zailagoak izango ditu.

Enduroko lasterketak nolakoak izaten dira?
Mendi bizikleta zirkuitu baten antzerakoa izaten da, baina igoerak arinagoak dira eta jaitsierak, ostera, askoz ere gogorragoak.
Bizikletak ere ezberdinak dira. Badaude batzuk rally deitzen direnak, mendi bizikletan ibiltzekoak, eta horiek atzealdean ez dute esekidurarik eta aurrean oso ibiltarte txikia dute. Mendi bizikletan ibiltzekoek bi esekidura izaten dute eta ibiltarte luzeagoa. Endurokoetan oinez igo behar izaten da eta gero bizikletan jaitsi. Jaitsieretako bizikletak ondo jaisteko eginda daude, eta igotzeko ere balio dute.

Jaitsiera zirkuituak naturalak izaten dira ala egindakoak?
Normalean, egindako zirkuituak izaten dira. Peraltea, saltoak... izaten dituzte. Ez dira ibilbide normalak, horretarako egindakoak dira.

Enduro proba bat ikustera doanak zer ikusiko du?
Jaistea oso gustuko dutenak ibiltzen dira enduro probetan; igo, ostera, bizikleta eskuetan dutela egiten dute. Suabe igo, gero azkar jaisteko.
Urkuluko zirkuituan hiru jaitsiera daude, eta hirurak gertatutakoak dira. Jaitsiera oso politak dira.

Jaitsiera zirkuitu on batek zer behar du, zure ustez?

Denetik pixka bat. Niri gustatzen zaizkit harri gutxi duten zirkuituak, baina denetik dutenak: peraltea, saltoak... dituztenak. Gune azkarrak dituztenak, gune lasaiak... denetik.

Daukazuen mailara iristeko, jausi ere askotan jausiko zineten. Izan duzu anekdotarik?
Jausi, egia esan, egunero jausten gara. Baina nik oraindik ez dut istripu handirik izan jaitsierak egiterakoan.
Gertatzen dena da oso ondo babestuta ibiltzen garela: kaskoa, bizkarra babestekoa, eskularruak, belaunetakoak... denetarik izaten dugu, eta, ondorioz ez da minik hartzen. Bestalde, hemen inguruko zirkuituetan ez da harri askorik egoten; hortaz, lurraren kontra hartutako kolpeetan ez da min handirik hartzen.

Aurrera begira zeintzuk dira zure asmoak?
Aurtengo bi helburu nituen: Andorrako lasterketa eta Legution jokatutako Euskadiko lasterketa. Laster Euskadiko Openeko lasterketak izango dira, eta horietan ere parte hartuko dut.

Mendi lasterketa bigarrena izango da. Nolako erantzuna izan zuen lehenengoak?
Iaz, uztail hasieran egin genuen, eta ikusita nolako eguraldi txarra egin zuen pentsatu genuen ez zela inor etorriko. Hala ere, jendea animatu egin zen. Guk uste dugu aurten ere etorriko dela jendea.

Nola entrenatzen zarete?
Urkulun eta Legution ibiltzen gara entrenatzen. Taldean ibiltzen gara, baina ez daukagu entrenatzaile finkorik.

Noiz arte jarraituko duzu jaitsierak egiten?
Oraindik gaztea naiz; hortaz, jarraitzeko asmoa daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak