Zazpi elkartek hartu dute parte olinpiadan: Muru Alde, Eguzki Alde, Uratz Alde, San Kristobal, Urbaltz, Basotxo eta Batzokia. Hainbat proba izan dituzte azken hilabeteotan, nahiz eta elkarte batzuek ez egin guztiak –hainbat arrazoi tarteko–: mus txapelketa, berakatz zopa, bolo txapelketa eta patata tortilla.
Sukalde lanetan apartekoak direla erakutsi dute Basotxoko erretiratuek; izan ere, eurek egin dituzte berakatz zopa eta patata tortilla onenak epaimahaiko kideen esanetan. Patata tortillari dagokionez, bigarren geratu zen Urbaltz elkartea eta hirugarren Muru Alde.
Era berean, girotzen ere apartekoak direla erakutsi dute erretiratuek, trikiti eta panderoak hartu eta kantuan jardun dutelako elkartutako guztietan. Eguenean, esaterako, elkartez elkarte txikiteoan jardun zuten kantuan eta dantzan, San Juan bezpera girotu bitartean.