Lehenik eta behin, aurre-erretiratuta ondo bizi da bat?
Oso ondo, honela bai bizi... Egia esan, hasieran arraroa izan zen, lo egiteko orduak ez nituen ondo hartzen. Baina gero, ohitu egin nintzen. Zaletasun asko ditut: egunero 4-5 orduko itzulia egiten dut bizikletan, oinez asko ibiltzen naiz, irakurtzea oso gustuko dut, eta, nola ez, festak. Gauza asko egiten ditut, ez dut aspertzeko denborarik.
Orain, beraz, urte sabatiko baten barnean zaude?
Bai; beharra nuela uste nuen.Aurre-erretiratu nintzenean hori izan zen hartu nuen lehenengo erabakia, urte sabatikoa hartzea, lasai egoteko. Oso gustura nabil honela. Libre sentitu nahi nuen, inongo presio eta konpromisorik gabe. Bidaiatzea dut gustuko, baina konpromisoak izaten badituzu ezinezkoa izaten da. Momentu honetan ez dut inongo konpromisorik, dudan lotura bakarra familiarteko lotura da, baina lotura hori ona da beti.
Herrian oso ezaguna zara, baita zure koadrila ere. Guztiak zu besteko martxosoak dira?
19-20 pertsona ibiltzen gara, Kurtzebarriko ikasle eta guraso elkartekoak. Guztiak ni bezain aktiboak dira. Ni baino 5-6 urte gazteagoak dira eta ni naiz erretiratuta dagoen bakarra. Besteek konpromiso gehiago dituzte; horregatik, denbora laburragoa dute gauzak antolatzeko. Hala ere, beti daude gauzak egiteko prest.
Beraz, zuek herri mailan gauza asko antolatzen dituzue...
Bai; Udalak gauza asko ematen ditu egiteko, baina gure koadrilak gauza gehiago antolatzen ditu. Jendeak erantzun onak izaten ditu; beraz, gustura gaude, eta gauza gehiago antolatzera eramaten gaitu. Jendeak ondo pasa dezan eta herriari giro alaiagoa emateko egiten dugu.
Herri mailan nik uste dut gauzak udako hilabeteetan bakarrik egiten direla, baita Mankomunitate mailan ere. Orain, adibidez, eskualdeko herri guztietako jaiak dira. Nire iritziz, gauzak oso pilatuta daude. Neguko hilabeteetan, adibidez, ez dago apenas ezer.
Horregatik guztiagatik, ni beti nago gauzak antolatzeko prest, baita nire koadrila ere. Momentu honetan ez, urte sabatikoaren txanda baita, baina, bestela, ez dut inongo arazorik.
Abestu behar bada, abestu egiten duzu, dantzatu behar bada, dantzatu. Baina zer da gehien erakartzen zaituena?
Dantza egitea ez zait askorik gustatzen; mozorrotzea, ordea, betidanik asko gustatu zait.
Azken urte hauetan zertaz mozorrotu zarete koadrilakoak?
Sardineroz, baturroz, Justina de Aragon... Existitzen diren mozorro guztiak jantzi ditudala uste dut.
Eta nondik datoz ideia horiek?
Nik kolaboratu egiten dut, baina normalean ez dira nire ideiak izaten. Lanean dabilen lagun saltsero batek izaten ditu honelako ideia xelebreak. Urtero afari bat antolatzen dugu eta bertan, bakoitzak dituen ideiak botatzen ditu. Horrela idea asko irteten dira; oso ideia onak, gainera.
Bi seme-alaba saltsero dituzu, batez ere semea. Fama aldetik semeak irabazi egingo dizu?
Egia esan, bide horretan doa. Gazte ekimenean daude biak. Semeak jaietako pregoiak botatzen ditu, azkenengo aldiz Chiquilicuatrez mozorrotuta,
Futbola gustuko duzu...
Bai, asko. Aretxabaletako Kirol Elkarteko futbol taldean laguntzaile lanetan ibili naiz urte askoan zehar. Baina orain, egiten ari naizen urte sabatiko honetan, ez dut ezer egingo. Irailean hasten dute denboraldia eta ekainean amaitzen dute; beraz, denbora luzea eskatzen du, eta orain erlaxatzeko unea iritsi zait. Hala ere, astero semearekin futbol partiduak ikustera joaten naiz; semea, saltseroa izateaz gain, lehen futbolean aritzen zen.