"Garrantzitsuena ikastea zen", adierazi dute goizean, prentsaurrean. Eta baita ere Groenlandiako espedizioko gogortasunak are eta gehiago batu duela hirukoa. Aurreikuspen guztiak ondu dituzte, 40 eguneko zeharkaldia egin asmoz joan zirelako, eta 32 egunetan lortu zutelako helburua. Bidean, baina, gorriak ikusita: Haize gabeko egunetan trineoetatik tira egin beharra, haizea zutenean jardunaldi amaiezinak, tenperatura oso hotzak...
Lortu berri duten arrakastak, baina, ezin du helburu nagusia ezkutatu, lehen pausoa baino ez da izan-eta. Bost hilabete barru Antartikara abiatuko dira, luzeagoa izango den zeharkaldia egitera (70 egun izango dira, hego-polora iritsi arte). Eta, abentura berri horretan eskalatzea ere tokatuko zaie.
"Argazkiek ez dute gogortasuna erakusten"
Alberto Iñurrategik adierazi moduan, esperientzia ederra izan da, eta gogorra: "Batez ere gauza asko ikasteko balio izan digu espedizio honek: kometak erabiltzeko teknika ikasi dugu, nutrizioak duen garrantzia, gauzak ondo planifikatzea, elkarrekin horrenbeste ordu pasatzea... Eta batez ere, arazoak izan arren aurrera egiten jakitea". Abenturaren gogortasuna ere azpimarratu du: "Irudiek ez dute gogortasun hori erakusten, zer den 150 kilo tira eginez aurrera egitea, eta 30 zentrimetroko elur geruzarekin, edo 10 kilometro baino ez egiteak sortzen duen etsipena, jakinda oraindik 2.000 kilometro geratzen zaizkigula...".
Merezitako atsedena izango dute orain, baina Antartika dute zain.