Iaz abian jarritako Plaza Dantza ekimenarekin hasiko dituzte San Juan bezperako ekitaldiak (18:00). Leizarra musika eskolako ikasleek dantzara gonbidatuko dituzte herritarrak, eurei jarraitzeko eskatuta. Eta ondoren buruhandiak aterako dira ume eta gaztetxoek jolas egin dezaten.
'San Juan dantza' sua isiotzeko
Gau parteko ekitaldiak dantzaldiarekin hasiko dituzte (21:00): Imuntzo eta Beloki taldea izango da, Herriko Plazan. 22:20 inguruan, txistulariak eta dantzariak suziriak eskuan hartuta joango dira plazara Durana kaletik bueltan. San Juanetako zortzikoa egingo dute dantzan lehenengo, eta gero plazan gertatutako abar piloari sua emango diote. Bertara botako dute iaz egindako lore-sendorra ere, urte guztia gordeta izan ondoren.
Behin sua isiotuta San Juan kantua abestuko dute Aretxabaleta Abesbatzako kideek eta herritarrek, txistu doinuek lagunduta. Eta itzalitakoan dantzaldiarekin jarraituko dute plazan elkartutakoek.
Gauerdi inguruan tantaia
Gauerdiaren bueltan, ostera, tantaia jasoko dute 1993an jaiotako neska-mutilek. Goizean joango dira haren bila, eta ondo bidean eguerdi ingururako ekarriko dute, gero prestatze lanak egin eta gauerako gertu izateko.
Hurrengo egunean, San Juan eguna, herriko atarte guztiak iraz beteta agertu izan dira azken urteotan, sasoi bateko ohiturari jarraituz. Herritar batzuen ekimena da, izugarrizko lana eskatzen duena, eta aurten ere saiatuko direla horretan jakinarazi dute herritar horiek.