25 urte eta gero sekulako osasuna erakutsi du Leizarra musika eskolak

Arritxu Barruso 2011ko ekainaren 19a

Ikasturte amaierako kontzertua berezia izan da aurten Leizarra musika eskolako irakasle eta irakasleendako. Musika eskolak 25 urte bete ditu aurten eta ospatu beharra zegoen. Zapatu eguerdian kontzertua egin zuten Herriko Plazan eta Leizarraren sortzaileak omendu zituzten. Ekitaldiko argazkiak hemen.

25. urteurrena ospatzearekin batera Aretxabaletako Leizarra musika eskolak erakutsi du musikaren eta musikarien etorkizuna bermatuta dagoela herrian beste horrenbeste urtetarako.

Ikasturte amaierako kontzertua egin zuten zapatu eguerdian Herriko Plazan. Ez zen instrumenturik falta izan: biolinak, biolak, gitarrak, bateria, flautak, tronpetak, akordeoiak, txistuak... Dantza egiteko aukera ere izan zen; Aitor Sanchezek eta bere akordeoiak dantzan eta txaloka ipini zuen Herriko Plaza.

 

Sortzaileei omenaldia

Jokin Antxia, Eli Izagirre, Ricardo Garro eta Angel Barandiaranek intsignia bana jaso zuten zapatuan duela 25 urte ausartak izan zirelako eta zailtasunak-zailtasun Aretxabaletak musika eskola bat edukitzea posible egin dutelako. "Hasierak oso gogorrak izan ziren, baina gaurko irudia ikusita oso harro gaude egin genuenaz", zioen Garrok. Pablo Urkia Litri eta Ana Crespo–zenduak biak– ere izan zituzten gogoan, Leizarraren sorreran izan zirelako haiek ere.

Ekitaldia amaitzeko musika eskolako ikasle eta irakasle guztiek elkarrekin egun horretarako propio prestatutako abestia jo zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak