Karmele Igartua zenaren 'Itsaso kontra bat', bizitzaren eta heriotzaren arteko mugaren emaitza

Miren Arregi Amasorrain 2011ko ekainaren 18a

Karmele Igartua bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan egon zen une hartan idatzitako poesiez osatzen da Itsaso Kontra bat, bera hil eta ia urte betera Pamiela argitaletxeak argitaratu duen liburua. Atzo Aretxabaletan, Igartuaren jaioterrian, egin zuten poesia liburuaren aurkezpena, Tere Irastorzaren Eta orain badakit liburuarekin batera. Aurkezpen hunkigarria izan zen, musikatua, Aitor Furundarenaren akordeoi doinuekin eta Iñaki Telleriaren perkusioarekin.

"Karmeleren liburua argitaratzea ohore bat izan da. Hark utzi digun altxorra oso bizigarria da; bere edertasun eta sentipenez betetako poesia oso berezia da; nik uste euskal letratan gauza gutxi daudela Karmele Igartuaren poesia liburua bezain ederrik" zioen ekitaldiaren bukaeran Jose Angel Irigaraik, euskal idazle eta poetak eta Pamiela argitaletxeko arduradunak.

Hitzak orbainetan poesia liburua argitaratu zuenerako bazuen karmele Igartuak beste poesia liburu bat argitaratzeko asmoa. Itsaso kontra bat izena hartu du horrek eta heriotzaren eta bizitzaren arteko mugan zegoelarik idatzi zituen poesiez osatzen da. Irigaraik uste du poesia eta artea, heriotzaren eta bizitzaren arteko mugaren emaitza direla eta karmele Igartuak bere osasun egoera latzaren oso jakitun zela idatzi zuen orain argitaratu berri duten liburua. Oso poesia hunkigarriak ditu liburuak; une gogorren isla dira askotan, baina halako lasaitasun sentsazio bat uzten dizutenak.

Esan bezala, Karmele Igartuaren liburuarekin batera Tere Irastorzaren Eta orain badakit ere aurkeztu zuten Arkupen. Oso adiskide minak ziren Irastorza eta Igartua eta eskutik helduta egon ziren biak liburu hauek idatzi zituzten garaian. "Osagarri bezala ere ulertu daitezke" zioen Irigaraik.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak