Autobusek hiru geltoki izango dituzte noranzko bakoitzean: Lausitta, Txarapea eta Araba ibilbidea. Eta geltoki nagusia Txarapeakoa izango da, hau da, bertan geldituko dira Gasteizera eta Donostiara doazen autobusak.
Lausitta kaleko geltokia, 14 eta 16 zenbakien artean egongo da Arrasateko norazkoan eta Txarapeako 16.ean Eskoriatzako noranzkoan. Txarapea ibilbideko geltokiak Belorrietako biribilgunetik gora egongo dira. Eta Araba ibilbidekoak orain arteko lekuetan.
Herritarrak kexu
Ibilbide berri horrekin, baina, herritar guztiak ez daude konforme. Lausitta, Txarapea eta Loramendiko hainbat herritarrek diote ez dituztela kontuan izan autobusen joan-etorriek kale horietako bizilagunei sortuko dizkieten "eragozpenak", tartean aparkalekuen murrizketa. Eta zaratek lehen baino "bizilagun gehiagori" eragingo diotela, gaineratu dute.
Kexu agertu diren bizilagunek uste dute zaharren egoitzaren eta egiten dabiltzan unibertsitatearen onurarako dela aldaketa eta "erabaki horrekin gutxi batzuk saritu dituela Udalak eta bizilagun elkarte bat baino gehiago kaltetu".
Horregatik guztiagatik ibilbidea aldatzeko eskatu gura diote Udalari "guztiok irabaz dezagun" eta horretarako proposamena egin diote: "Orain arteko ibilbidea dagoenetan utzi eta autobus txiki bat jarri lotura lanak egiteko, zerbitzu berbera eman eta eragozpen gutxiago eragingo dituelako".
Iparraldeko bizilagunen beharrak
Inaxio Garro alkate ohiak aldaketaren arrazoia azaldu du: "Otalora, Santa Kurtz, Bedarreta… inguru horretan geltokia jartzeko hainbat eskaera izan ditugu". Eta jakinarazi du lotura lanak egingo dituen autobus beharrik ez dela izango ibilbide berriarekin.