Ilunabar Literarioa egingo dute Arkupen; Karmele Igartuaren liburua aurkeztuko dute

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ekainaren 17a

Olerkiak hartuko du gaur Aretxabaletako Arkupe kultura etxea. Ilunabar Literarioa egingo dute Bergarako Idazle Eskolak antolatuta. Berezia izango da; izan ere, Karmele Igartuaren zenaren 'Itsaso kontra bat' eta Tere Irastorzaren 'Eta orain badakit' liburuak aurkeztuko dituzte. Aurkezteaz gain, bi liburuen irakurketak ere egingo dituzte, musikaz girotuta.

Argazkien proiekzioa

19:00etan hasiko dute emanaldia. Karmele Igartua zenaren olerkiak Itziar Gomez idazle eskolako kideak eta gidoilariak irakurriko ditu. Baina, beste irakurketa paralelo bat ere egingo dute. Izan ere, Izaskun Etxeberriak hainbat argazki sortu ditu Igartuaren liburuan oinarrituta. Hala, olerki bakoitzari dagokion argazkiak proiektatuko dituzte. Izaskun Etxeberria Idazle Eskolako kidea da.
Itsaso kontra bat 2011n argitaratu duten arren, Igartuak berak bizirik zegoela idatzitakoak dira. "Hau da, ez da bere lanen bilduma bat. Amak bizi bizirik zegoela idatzi eta oraindik argitaratu bariko olerkiak dira", azaldu du Garazi alabak. Tere Irastorzak egin du edizio lana.

Bien arteko proiektua

Irastorzak eta Igartuak buruan zuten proiektuaren baitan dago gaurko emanaldia. Horregatik jarri diote Eta orain badakit itsaso kontra bat izena errezitaldiari. 2005ean elkar ezagutu zuten bi idazleek –Igartuak Idazle Eskolan izena eman zuenean–. "2007an amaitu zuen idazle eskola Igartuak, baina gero ikasleen koordinatzaile bezala ibili zen: web ataria, aldizkaria... sortu zituen", gogoratzen du Irastorzak.
2008an eta 2009an Ilunabar Literarioa egin zuten Aretxabaletan; eta, orduan, Igartuak berak irakurri zituen bere olerkiak.

Irastorza, musikarekin

Aitor Furundarenak, Iñaki Telleriak eta Garikoitz Mendizabalek Eta orain badakit (Pamiela, 2011) liburuarendako musika sortu dute. Bada, Furundarena eta Telleria gaur Aretxabaletan izango dira errezitaldiari musika jartzen. "60 minutu inguru iraungo du emanaldiak, musika barne", azaldu du Irastorzak. Bi liburuak erosteko aukera ere egongo da gaur Arkupen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak