Portasolgo Jaiak gertatzen dabiltza uztailaren 16rako

Mirari Altube Arrese 2011ko ekainaren 16a

Aretxabaletako hegoaldean –Araba ibilbidea, Loramendi, Nafarroa, Bizkaia… kaleetan– bizi diren herritar, ostalari eta merkatariak Portasolgo Jaiak gertatzen dabiltza. Uztailaren 16an ospatuko dituzte eta sasoi baten izandako ospea berreskuratzea da asmoa.

Jaiok antolatzeko dirua behar dute eta hori lortu nahian dabiltza orain: "Oso berandu hasi gara eta larri antzean gabiltza", diote antolatzaileek. Batetik, zozketak antolatu dituzte eta bestetik, herriko gainerako merkatari eta ostalariei borondatezko laguntza eskatu diete. Ekarpenak egin gura dituztenek Eguzki edo Dorleta tabernetako ugazabengana jo dezatela.

Zozketei dagokienez, lehenengoa egin dute eta Jose Manuel Garcia eta Feli Biterik jaso zuten Zumaiako talasoterapian bi egun pasatzeko txartela. Dagoeneko izan dira bertan, baita "oso gustura" itzuli ere. Bigarren zozketa –Argiñanoren hotelean egunpasa– egunotan egingo dute. Eta kamisetak ere salgai dituzte hainbat denda eta tabernetan, 10 euroren truke.

Kontzertuak eta mus txapelketa

Lortutako diru kopuruaren arabera egun bat, bi edo hiru iraungo dute jaiek. Bi eszenatoki jarriko dituzte: bata, Zaraia tabernaren atzeko partean eta bestea, Araba ibilbidean, Eguzki gastronomi elkartearen aurrean –lehen ere jartzen zuten lekuan–.

Jai egitaraua oraindik zehazteko daukate baina hona iragarri dituztenak: mus txapelketa, kontzertuak heldu eta gazteendako, umeendako jolasak, trikitilariekin txikiteoa…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak