Leizarra musika eskolak 25 urte bete ditu

Mirari Altube Arrese 2011ko ekainaren 16a

25 urte bete ditu lanean Leizarra musika eskolak eta ikasturte bukaerako kontzertua aprobetxatuko dute urteurrena ospatzeko. Zapatuan da ekitaldia, Herriko Plazan (12:30) eta bertan eskolaren sortzaileak omenduko dituzte.

Orain dela 25 urte Loramendi ikastolako –orain Udal euskaltegia– egoitzan hasi zuen ibilbidea Leizarra musika eskolak bi talderekin. Hona haren sorreran zeresana izan zutenak: Jokin Antxia, Eli Izagirre, Ricardo Garro, Angel Barandiaran, Pablo Urkia Litri eta Ana Crespo –azken biak zendutakoak–. Kultura zinegotzia zen orduan Jokin Antxia eta hasiera gogorra izan zela dio: "Hasiera ez zela izan batere samurra dut gogoan eta aurrekontua arazo handia izan zen. Solfeo eskolak ematen eta instrumentu batzuekin hasi ziren". Eta izenaren nondik norakoak azaldu ditu: "Leizarra proposatu zen gure mutiko sasoian lizar zuhaitzaren abarrekin egiten genituelako txistuak".

Poliki-poliki haziz joan zen eskola: ikasleak gora, instrumentu gehiago eta ezberdinak, irakasleen beharra… Eta egoitza txiki geratu zitzaien. Hala, hutsik zegoen kuartel zaharrera aldatu ziren Udalaren laguntzarekin.
Egun Arkupen du lekua, eta 353 ikasle ditu. Solfeo eta instrumentu eskolekin batera euskal dantzak irakasten dituzte. Eta banda ere hasi da lehenengo pausuak ematen.

Zapatuko ospakizuna

Ekitaldi apala baina dotorea egingo dute bihar, urteurrena gogoan. Kontzertua eskainiko dute lehenengo (12:30): trikitilariak, banda… Eta ospakizunerako abestia ere gertatu dute musikari eta abeslariek; eskolako irakasle diren Jon Lopez eta Angel Barandiaranek sortua da abesti hori. Bukatzeko sortzaileak omenduko dituzte. Gainera, taberna jarriko dute jatekoa eta edatekoarekin, plazan (12:00-14:30).

Eta irailean, San Migel jaietan, Aretxabaleta Abesbatzak eskaintzen duen ekitaldia Leizarraren 25. urteurrena ospatzeko izango da. Hori horrela, eskolako musikariekin eta dantzariekin gertatuko dute kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak