UDAn hasi zinen entrenatzaile lanetan eta orain Realean zaude. Nolako taldeak dira?
Niretako ohorea da Realean egotea, eta, gainera, zortea ere bai. Izan ere, azken finean, jokalariak aukeratu egiten ditugu. Baldintza ezin hobean daude: medikua, fisioterapeuta, azpiegitura onak… denetik dute. Hemengo taldeetan, ostera, lan handia egin behar da eta dedikazio handia behar da. Realak, azken finean, gainerako elkarteetan oinarritu behar du eta haien laguntza behar du. Reala ezin da Zubietan bakarrik oinarritu, gutxienez Gipuzkoan oinarritu behar du.
Nola joan da bukatu berri duzuen denboraldia?
Oso gustura nago. Emaitzetan bakarrik ezin gara oinarritu. Adierazleak izan daitezke, baina beste gauza batzuk ere kontuan hartu behar ditugu. Infantil mailan txapeldun izateak ez du ezertarako balio epe ertainera edo luzera ez baduzu jokalari bat bera ere ateratzen. Guk hartzen ditugun jokalariak dira uste dugunak progresioa izango dutenak ez orain, baizik eta epe luzera.
Orain errendimendua emateko jokalari handienak hartuko genituzke. Baina ikusi behar dugu azkarra dela, futbola ulertzen duela… haiekin egin behar dugu lan.
Harrobi lana egin eta gerora futbol jokalariak izango direnak ateratzea da zure lana, hortaz.
Ez bakarrik jokalariak, batez ere pertsonak ateratzea da gure lana. Ezin dugu iparra galdu. Jokalari bat irtenez gero emaitza ona da, baina zer gertatzen da gainontzekoekin? Pertsona moduan hezi behar ditugu lehenengo.
Realaren filosofiarekin oso gustura nago, Reala arduratu egiten delako… eskolara deitzen dugu zelan doazen jakiteko… eta eskolan maila jaisten badute toke bat ematen diegu. Notak eskatzen dizkiegu.
Apirilean Lleidan jokatutako txapelketan entrenatzaile onenaren saria eman zizuten. Zer esan gura du horrek zuretako?
Polita izan zen. Bartzelona, Zaragoza, Paris Saint-Germain, Osasunak... jardun zuten lehian. Guk gure filosofiarekin jokatu genuen eta saiatu ginen baloia jokatzen. Jokalariendako ikasteko aukera polita izan zen, eta, gainera, denek jokatu zuten.
Azken finean, jokalarien eta taldearen jarrera saritu zuten.
Realean infantil mailan hasten zarete jokalariekin lanean.
Beste talde batzuetan benjamin mailan hasten dira mutikoekin lanean. Baina ez dago frogatuta futbolean lehenago hasteak emaitza hobeak dakarrenik. Egia da estimuluak landu behar direla, baina ez dago zertan futbola bakarrik egin. Beste aktibitate batzuetan ere aurki daitezke estimulu horiek, gero futbolean baliagarriak izango direnak.
Nola entrenatzen zarete?
Astean hiru entrenamendu egiten ditugu, baina ez jokalari guztiekin. Martitzenetan Donostialdekoak etortzen dira, eguaztenetan Gipuzkoa osokoak, eta kanpoan bizi direnak egubakoitzetan bakarrik etortzen dira. Hala, euren eskolan, lagunekin... jarraitzen dute. Euren herriko taldean entrenatzen dute eta Reala harremanetan egoten da eurekin.
Maila txikietan badago fitxaketak egiterakoan liskarrik?
Bai, gertatzen dira...
Entrenatzaile eta hezitzaile zaretela esan daiteke?
Bai, mutikoendako erreferente gara gu. Pertsonak onak izatea, elkartasuna, eguneroko lana... hori guztiori erakutsi behar diegu. Ahal duten mailan, %100 eman behar dute. Helburua ez da lehenengo maila, baizik eta duten dena ematea.
Realean badaude hainbat jokalari erreferente direnak.
Bai, Gonzalez, Aranburu... pertsona normalak dira. Inoiz etorri izan zaizkigu hitzaldiak egitera; adibidez, Kodro. Adimen emozionala lantzen ere saiatzen gara mutikoekin.
Ze iritzi duzu Realak fitxatu duen entrenatzaile berriaz?
Ez dut ezagutzen, baina itxura ona dauka. Bere elkartean ere harrobiarekin lan egin izan du... Denoueix berria izateko itxura dauka. Trebakuntza eta errendimendu taldeen artean ez dugu harreman handirik.
Nora iristeko asmoa duzu?
Ez dut pentsatu. Ikasi eta gozatu, hori da nire asmoa. Non gauden eta helburuak zeintzuk diren argi izan behar dugu.