Hiruatxek lanean jarraitzeko indarrak batu ditu

Goiatz Arana Begiristain 2011ko ekainaren 12a

Bi hamarkadatako lana ospatzeko jaia egin zuen bariku arratsaldean Gobernuz Kanpoko Erakundeak, 20 urtetan herrialde pobreei eta garapen bidean daudenei laguntzen egindako lanak ospatzea merezi duelako. Orain arte egindako eta aurrera begirako proiektuen berri eman, herritarrei euren ekarpena eskertu eta lanean jarraitzeko indarrak batu zituen. Erakundeko kideak gustura geratu ziren egunak emandakoarekin.

Arratsaldeko zazpietan hasi zuten urteurren festa, Mitarte kalean. Indian aurrera eramandako proiektuak ezagutarazi zituzten bertan, eta Inazio Galdos gogora ekarri, Indian bizi den misiolari aretxabaletarraren laguntza ezinbestekoa izan delako herrialde hartako proiektuak gauzatzeko. Loramendiren egoitza parean egin zuten hurrengo geldialdia eta Amerikako gunea finkatu zuten bertan. Mitarten Indiarekin egin moduan, Duranan Amerikara bidalitako laguntzaren berri eman eta horri esker gauzatutako proiektuen errepasoa egin zuten; Beñat Zamalloak 3-4 bertso bota zituen. Eta Duranatik plazara, Afrikari eskainitako gunera. Informazioa banatu eta herrialde hartako giroaz gozatu zuten, afrikar doinuen erritmora dantzan egin zuten Jaiki elkarteko kideekin.

Egindako 12 proiektuekin hiru kontinentetara iritsi da Hiruatx eta hiruretan izan zen bariku arratsaldean, sinbolikoki izan bazen ere; trikitilarien konpainian egin zuten batetik besterako distantzia. Eta ospakizuna bukatzeko, Arkupera jo zuten, Brasilen abian jarritako proiektuaren gaineko xehetasunak emateko. Izan ere, 20 urte bete eta lasaitu beharrean, proiektu berri batean murgildu da Aretxabaletako erakundea, herrialde hartako MST elkartekoekin batera.  

Eskerrak herritarrei

Barikuko festa ez zen mugatu, ordea, orain arte egindakoen eta aurrera begirako asmoen berri ematera. 20 urteotan asko izan dira erakundearekin kolaboratu duten aretxabaletarrak eta erakundeko kideek eskerrak eman zizkieten, "lortutako emaitzak guztien artean ereindako haziaren fruituak direlako". Eman eta jaso, jaso eta eman, Hiruatxek aurrera egiteko indarrak batu zituen ospakizunean. Gustura geratu zen egunak emandakoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak