"Gogotsu" hartu du alkate kargua Ana Bolinagak

Mirari Altube Arrese 2011ko ekainaren 11

Bilduko Ana Bolinaga izendatu dute alkate ezustekorik izan ez den bilkuran. Hamar boto jaso ditu, tartean Aralarreko hiru zinegotzienak; EAJk zuri bozkatu du eta Alderdi Sozialistako Ainhoa Sagarribaik bere buruari eman dio. Hemen dituzue argazkiak ikusgai.

Osoko bilkuren aretoa jendez beteta zela –heldu, nagusi zein ume– ekin diote udalbatza eraketari. Aretoko mahaiaren bueltan eseritako kide gazteenak, Maider Aizkorbe, eta nagusienak, Joxe Anjel Antxia, zinegotzi karguak hartu dituztenen agiriak egiaztatu dituzte lehenengo; 13 guztira.

Gero alkatetzarako hautagaiak aurkeztu dira: Bilduko Ana Bolinaga eta PSE-EEko Ainhoa Sagarribai. 10 boto jaso ditu Bolinagak, tartean Aralarreko hiru zinegotzienak; EAJkoek zuri bozkatu dute eta Sagarribai sozialistak bere buruari eman dio. Hala bada, Bolinaga izendatu zuten alkate txalo artean.

Elkarlana aldarrikatu

"Gogotsu eta indartsu" hasiko dutela agintaldia esan die Bolinagak elkartutakoei eta lau urteko ibilbide horretarako zer sartuko duen motxilan aipatu: bakea, justizia, askatasuna, ezkerrerako norabidea erakusten duen iparrorratza, lasaitasuna… "Eta ez da egongo hausturarik" iragarri du. Eta ibilbide horretan gainerako alderdiek ere izango dutela lekua esan die.

Aralarko Inaxio Garrok borondate ona erakutsi duela Bilduk jakinarazi du eta herritarren elkarbizitzaren alde lan egingo dutela iragarri.

EAJko Mikel Uribetxebarriak esan du Bildurekin hartu-emana izan arren ez dutela ezer zehaztu eta horregatik zuri bozkatzea. Hala ere, elkarlanerako gertu azaldu da: aportazioak egin, proiektuak aurkeztu, kritikak era positiboan bideratu…

Eta PSE-EEko zinegotzi Ainhoa Sagarribaik zorionak eman dizkie Bildukoei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak