"Hiruatxekook aretxabaletarrokin elkarlanean mundua hobetzeko gure ekarpentxoa egin dugu, apala baina beharrezkoa. Egindako 12 proiektuekin hiru kontinentetara iritsi da herritarron laguntzarekin eta gizaki asko baldintza hobeetan bizi dira horri esker", jakinarazi diete Hiruatxeko kideek kolaboratzaileei. Izan ere, 20 urtean aretxabaletar askoren laguntza jaso dute.

Laguntza ekimenen aitzindari
Xabier Sarasua Hiruatxen sorreran izan zen, Jose Mari Sarasua aitaren alboan eta halaxe gogoratzen du sorrera: Nik esango nuke pobretutako herrialdeekiko lankidetzan jarduteko esperientzian ildo bat markatu duela Hiruatxek:
- Herritik herrirako lankidetza: hurbilekoa, konfiantzazkoa, gardena, etengabeko jarraipena eta informazioa kolaboratzaileei, laguntzatik harago herrien elkartruke eta harremana ere sustatuz, herritarren eta erakundeen partaidetza konbinauta...
- Proiektu asistentzialetatik ihes egin eta benetako garapen integralerako baliagarri dien proiektuak martxan jarri dituena:
- Ekonomia, hezkuntza, elikadura eta osasun arloetako batean baino gehiagotan eragiten duten proiektuak
- Bertako ekimena, partaidetza, ardura eta jarraipena ziurtatuta, laguntza bukatutakoan aurrera jarraitzea bermatuta, eta efektu biderkatzailea izango duena eskualdean.

Gainera, beste hainbat herritan antzeko GKEak sortzeko eredu izan da, eta herrialde pobretuetan proiektuak sustatzeaz gain, hemen ere hainbat egitasmo eta jarduera egin ditu urte horietan, beste GKE batzuekin batera: bidezko merkataritza (Harreman denda, azokak...), sentsibilizazioa (Guganda programa Goiena telebistan...), garapenerako hezkuntza sustatu eskoletan (materiala euskaratu eta egokitu, saioak prestatu...) eta abar.
Proiektu berria Brasilen
20 urte bete eta lasaitu beharrean proiektu berriari ekin diote. Brasilgo ipar-ekialdean kokatu dute, Sergipe estatuan (Alto-Sertão eskualdea), MST (Movimiento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra) elkartearekin batera. Brasilgo estatu pobreenen artean dago hain zuzen, Sergipe. "Bertako gizon-emakumeen bizi baldintzak hobetzea da helburua, horretarako ekimen ekonomiko eta produktiboen sustapena bultzatuz, hain zuzen, esne kooperatiba", jakinarazi dute Hiruatxekoek. Garatu gura dutenen artean bi proiektu daude: esne ekoizpen katearen azterketa sakona; eta esnea ekoizten duen taldearen formazioa, antolakuntzara begira.

Proiektuen berri jai giroan
Horren guztiaren berri eman, laguntza eskatu herritarrei eta 20 urteotako ibilbidea ospatzeko jaialdia egingo dute gaur Aretxabaletako hainbat talderen laguntzarekin. Mitarte kalean hasi (19:00) eta antolatutako bost gunetatik pasatuta, Arkuperaino joango dira jai giroan, baina egindako guztiaren berri emanaz. Gune bakoitzean proiektu ezberdinen argibideak izango dituzte.
Eta jaialdiari bukaera Arkupeko bigarren solairuan emango diote, Brasilgo proiektuaren berri eman eta Hiruatxen 20 urteko ibilbidea jaso duen ikus-entzunezkoa eskainita.