Ekimen berria jarri dute abian aisia eta euskara bateratuta

Mirari Altube Arrese 2011ko ekainaren 9a

Loramendi Elkarteak, Gazte Ekimenak eta Murrukixo Mendizale Elkarteak bat egin eta aisialdia eta euskara bateratuko dituen ekimena dute eskuartean. Lehen ekintzak iragarri dituzte udarako: kanoa jaitsiera Urdaibai itsasadarrean; kanoi jaitsiera; eta kanpaldia. Izena emateko eta argibide gehiagorako Loramendira jo behar da.

Hiru elkarteek gertutasun fisikoa ez ezik –egoitzak oso gertuan– loraldia dutela lagun jakinarazi dute antolatzaileek, eta antzeko helburudun asmoak dituztela konturatuta abiarazi dute ekimen berria: "Aisiaren bidez, Aretxabaletan euskararen erabilera sustatzea, autogestioaren eta autoeraketaren bidez aisia eta kirol eskaintza garatzea, aretxabaletarren arteko harremanak sortzea eta sakontzea, zaletasun berrietara ateak zabaltzea eta elkarteen eta mugimenduen arteko harremanak eta elkarlana garatzea dira helburuak". Eta gaineratu dute orain arte egindako moduan, hiru eragileak zabalik daudela herriko gainontzeko elkarte, talde eta eragileekin harremanetan jarraitu eta egitasmoak elkarlanean gauzatzeko.

Hiru irteera

Hasteko hiru ekintza antolatu dituzte udara begira:

- Ekainak 18, kanoa jaitsiera Urdaibai itsasadarrean

- Uztailak 2, kanoi jaitsiera

- Uztailak 22-23, kanpaldia

Aretxabaletar guztiei dago zabalik eskaintza: banakoei, koadrilei, familiei... Hori bai, 14 urtetik beherakoek arduradun batekin joan beharko dute. Izena emateko Loramendiren egoitzara jo behar da (16:00-20:00); ekainaren 18ko kanoa jaitsierarako izenemate epea martitzenean, hilak 14, bukatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak