Saria jasotzen izan ziren Gurutze Mujika, Marga Garmendia eta Koldo Zubillaga guraso elkarteko kideak eta Leire Cabezas ikaslea. Baikarako arduradun Imanol Zubizarretak eta Ehigeko presidente Ana Puentek eman zien saria, 1.500 euro hain zuzen.
Ikas bidaiaren antolaketa
Bidai lehiaketa eta ikasle guztientzako ikas bidaia izeneko proiektuagatik eman diete saria Kurtzebarriko gurasoei. "Orain hiru bat urte erabaki genuen ikasbidaiarako ideien lehiaketa jartzea abian institutuan. Ikasleek eurek proposatzen dituzte bidaiak eta aste bukaerarako egitaraua gertatu, aurrekontua eta guzti", argitu du Koldo Zubillaga gurasoak. Hala, azken bi urteotan egindako bidaiak ikasleen proposamenak izan dira: iaz, Sella errekaren jaitsiera probatzera (Asturias) eta aurten, Kantabriara surfean jardutera.
Aurten zazpi proposamen jaso dituzte ikasleengandik eta irabazleek bidaia debalde izan dute. "Beste saritxo batzuk ere ematen dizkiegu, eta gainerakoei zergatik ez ditugun hautatu azaltzen diegu, hurrengorako kontuan har ditzaten", dio Zubillagak. Izan ere, hainbat irizpide dituzte ezarrita, tartean bideragarritasuna eta originaltasuna, eta horren arabera hautatzen dute proposamen egokiena. Horren guztiaren berri ematen duen txostena aurkeztu zuten Ehigek antolatutako lehiaketara eta lehen saria irabazi.