Emakumeak protagonista diren argazkiak jasotzen dabiltza

Mirari Altube Arrese 2011ko ekainaren 3a

Herriko emakumeak protagonista dituzten argazkiak jasotzen hasi dira Kultura eta Berdintasun Saila. Datorren urteko Emakumeen Nazioarteko Egunera begira antolatu gura duten erakusketa eta ikus-entzunezkoa egiteko gura dituzte. Abuztua bitartean jasoko dituzte argazkiok Arkupe kultur etxeko bigarren solairuan.

Aretxabaletako emakumeen lanak, ardurak, asmakizunak, kultur ekarpenak, zereginak, bizipenak, interesak, garaipenak, ilusioak eta beste hainbat kontu jasotzen dituzten argazkien bilduma osatzea da Udalaren helburua, eta herritarren laguntza eskatu dute horretarako. "Emakumeak urteetan zehar ikusezinak izan direnez, erabateko protagonista diren argazki erakusketa antolatzea da asmoa", jakinarazi dute kultur eta berdintasun teknikariek.

Antzinako argazkiak eta hurbilagokoak, guztiak jasoko dituzte. Arkupe kultur etxeko bigarren solairura eroan behar dituzte herritarrek: goizean, argazki artxiboak duen bulegora; eta arratsaldean, Kultura Sailaren bulegora. Argazki guztiak eskaneatu egingo dituzte, haren gaineko argibideak jaso, eta ondoren itzuli. Argazkiok modu digitalean ere itzuliko dizkiete jabeei.

Zenbat argazki jaso diren jakindakoan, irail inguruan, erabakiko dute antolatzaileek zelan gertatu martxoaren 8ra begira egin gura duten lana, eta antolatzen hasiko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak