Kartel eta esaldi lehiaketak deitu dituzte Andramaixetarako

Mirari Altube Arrese 2011ko ekainaren 2a

Andramaixak iragarriko dituen kartela eta jaietara gonbidatuz egindako esaldiak hautatzeko lehiaketa deitu dute Kultura Sailak eta Prebentzio Zerbitzuak. Hilabetea bukatu bitartean aurkeztu behar dira udaletxean edo Arkupe kultura etxean.

Andramaixak iragarriko dituen kartel lehiaketan edonork parte hartu ahal izango du, eta teknika librea izango da. Bi baldintza bakarrik bete beharko dituzte egindako lanek: kartelaren neurria 50x70 zentimetrokoa izatea edo din-A3 formatukoa; eta honako testua izatea: Andramaixak 2011; abuztuaren 14a, 15a, 16a eta 17a; Aretxabaleta.

Lanak udaletxean edo Arkupe kultur etxean utzi beharko dira uztailaren 5a baino lehen. Epaimahaiak –kultura batzordeko kideek eta hainbat herritarrek osatua– uztailaren 8an emango du irabazlearen berri, eta horrek 300 euro jasoko ditu saritzat. Antolatzaileek egoki iritziz gero erakusketa antolatuko dute kartel guztiekin.

Esaldiak ekainaren 30erako

Bestalde, Prebentzio Zerbitzuak Kultura Sailarekin batera Andramaixetarako esaldi lehiaketa deitu du. Jaiak ondo pasatzera gonbidatuz botatako leloak gura dituzte, eta jakinarazi dute ez dituztela onartuko neurriz kanpoko kontsumoa eta jarrera sexistak bultzatzen dituztenak.

12 urtetik gorako aretxabaletarrek parte har dezakete (taldean ere bai) eta gura beste esaldi aurkeztu. Horretarako txartelak udaletxean eta Arkupe kultur etxean dituzte, eta bertara eroan behar dira bete ondoren. Aurkezteko azken eguna ekainaren 30a da.

Andramaixetako egitarauan erabiliko duten esaldiaren jabeak 120 euro jasoko ditu saritzat; eta pegatinak egiteko erabiliko direnak asmatutakoek 60 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak