Aurreko lau bilkuretako aktak onartu zituzten lehenengo, Alternatibako Tomas Fernandez zinegotziaren ezezkoarekin. Ondoren hainbat hondakinen bajak aurkeztu eta onartu zituzten. Aurretik, baina, kontu-hartzaileari eskatu zioten isunak ordaintzen ez dituztenei jarraipena egiteko, batez ere Gizarte Zerbitzuen bitartez laguntzarik jasotzen duten jakiteko. Eta gero 2010eko Udalaren inbentarioaren berri eman zuten: 2009ko abenduan, 29 milioi euroko ondarea eta 2010eko abenduan, 34 milioi eurokoa.
Bestalde, idazkariak argitu zien udalbatzako kideei ondasunen deklarazioa egin beharko dutela zinegotzi guztiek Udal jardunari agur esan aurretik; horretarako Eudelek proposatutako eredua erabiliko dute.
Eta bukatzeko Aretxabaletaren gaineko ikus-entzunezkoa egiteko kreditu aldaketa onartu zuten. Arteman enpresak egingo du eta turismo ikuspegitik landutako ikus-entzunezkoa izango da.