Aste Berdea egingo dute Ingurumenaren Nazioarteko Eguna gogoan

Mirari Altube Arrese 2011ko maiatzaren 30a

Datorren domekan, ekainak 5, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela gogoan hartuta Aste Berdea antolatu du Ingurumen Sailak. Oihan tropikala ardatz duten film emanaldi bi eta elektromagnetismoaren gaineko berbaldia iragarri dituzte. Arkupeko Zaraia aretoan izango dira datozen hiru eguenetan (19:00).

Bartzelonan egiten den Ingurumenaren Nazioarteko Zinema Lehiaketan –FICMA– eskuratutako ikus-entzunezkoak emango dituzte. Hala, eguenean, ekainak 2, Green filma izango da. Green izeneko orangutanaren istorioa aitzakia hartuta oihaneko biodebirtsitatearen altxorra erakutsi eta palma olioa eskuratzeko egiten dabiltzan triskantzen berri emango du.

Ekainaren 9an, ostera, Vivamazonia filma izango da. Brasilgo oihanean, Jauperi ibaiaren alboan, bizi den komunitate baten berri dakar eta bertako neska-mutikoak alfabetatzeko sortu duten eskola erakutsi.

Eta ekainaren 16an, Asier Arregi adituak (Geobiotek) elektromagnetismoak osasunarengan duen eraginaren berri emango du: wifi, poltsikoko telefonoak… Hain zuzen Eskola Agenda 21 barruan ikasleek landu duten gaia da eta egun kezka handia eragiten duelako hautatu dute antolatzaileek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak