Sei bertsolari izan ziren norgehiagokan goizeko saioan 50 bat lagunen aurrean eta hasierako agurretan Sarasua, Iñurrategi eta beste hainbat izan zituzten gogoan. Ondoren, zortziko handian eta zortziko txikian jardun zuten umoreari tartea eginda, eta gero Iparragirreren doinuarekin sakonago.
Kartzelako saioan Arrakasta berba emanda osatu zituzten bertsoak, eta ondo jardun zuten guztiek, saioa borobilduz.
Puntuak banatzerakoan Nahikari Gabilondo nagusi: 349,5 puntu. Haren atzetik: Nerea Elustondo, 337; Felix Zubia, 333,5; Beñat Lizaso, 327; Xabi Astigarraga, 316,5; eta Odei Lopez, 305.
Arratsaldean debagoiendarrak nagusi
Arratsaldean bete egin zen Arkupe kultur etxeko aretoa beste sei bertsolariren arteko norgehiagoka jarraitzeko, tartean bi debagoiendar: Jokin Labayen arrasatearra eta Urko Egaña oñatiarra.
Zortziko handian hasi ziren eta koplekin jarraitu, umore giroan. Gero hamarreko txikian jardun zuten, serio, eta bukatzeko kartzelako lanak egin zituzten honako gaiari bina bertso jarrita: "Gaur psikologoarengana jo duzu azkenik, txikitako trauma hori gainditu nahian".
Eta lan guztiak bukatuta Jokin Labayen nagusi, 282 punturekin. Haren atzetik geratu ziren: Urko Egaña, 275,5 puntu; Mikel Arrillaga, 272,5; Gorka Maiz, 271,5; Iker Osa, 264,5; eta Joseba Andoni Agirre, 236.