Gurean izango diren dantza taldeak bost dira: Lore Gazteak eta Txikitxu (Arrasate); Oñatz (Oñati); Oinarin (Antzuola); eta Urrats (Soraluze). Horiei harrera egingo diete Aretxabaletako Leizarra dantza taldeko kideek, 50 bat neska-mutiko, eta elkarrekin joango dira dantzatzera.
Herriko Plazan elkartuko dira guztiak (11:30) eta banaketa egin ondoren ospakizuna hasiko dute (12:00). Bost gune izendatu dituzte dantza erakustaldiak egiteko: Murubide plaza; Herriko Plaza; Durana kalea; Ilargi plaza; eta Iralabarri plaza. Arrasateko Txikitxu dantza taldea eta Soraluzeko Urrats elkarrekin joango dira gunez gune, eta gainerakoak bakarrik. Talde bakoitzak bi gunetan egingo du dantzan eta saio guztiak bukatutakoan plazan elkartuko dira berriro (13:30), bazkaltzera joateko. Alardea eskainiko dute arratsaldean plazan (17:00) eta horrekin agurtuko dute eguna.
Urtero legez herritarren eta elkarteen laguntza izango dute antolatzaileek bazkariak emateko; hona elkarte laguntzaileak: Hibai Gain, Eguzki Alde, Muru Alde, Urats Alde, Urkulu eta Urbaltz.