Goizean jardungo duten bertsolariak izango dira: Beñat Lizaso, Felix Zubia, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo, Odei Lopez eta Xabi Astigarraga. Eta egin beharko dituzten lanen artean daude: hiruna bertso binaka eta gaia emanda, zortziko handian; beste hiruna bertso zortziko txikian; eta beste hiruna Iparragirre doinuaren molde berrian.
Norgehiagoka bukatzeko kartzelako lanean hiruna bertso egin beharko dituzte bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian; eta bertso bana, gaia emanda.
Arratsaldeko saioa
Arratsaldean, ostera, beste sei bertsolarik jardungo dute norgehiagokan, tartean bi debagoiendarrek: Jokin Labaien arrasatearrak eta Oñatin bizi den Urko Egañak. Horiekin izango dira: Gorka Maiz, Iker Osa, Joseba Andoni Agirre eta Mikel Arrillaga. Eta egingo dituzten lanak izango dira: hiruna bertso binaka, gaia emanda, zortziko handian; seina kopla binaka, gaia emanda, lauko handian; eta hiruna bertso binaka, gaia emanda, hamarreko txikian. Kartzelako lanean, ostera, bina bertso abestu beharko dituzte gaia emanda, gura duten doinu eta neurrian.
Bai goizeko bai arratsaldeko saioetan Irati Agirreazaldegi elgoibartarrak jardungo du aurkezle lanetan, eta epai-mahaiko kideak izango dira: Julian Albistur, Mikel Lersundi, Urtzi Basterrika eta Eneritz Azkue.