Eguenean fitxatu zuen Jose Jabier Barkerok Valentziako taldearekin. Aretxabaletarrak Realean jokatu nahi zituen ibilbide profesionaleko azkeneko urteak (32 urte ditu), baina lehen mailan jokatu nahi zuen eta Realak atzo arte lortu ez zuenez mailari eustea, eguenean eman zion baietza Levanteri. Hark lehendik lortu zituen-eta datorren urtean lehen mailan jokatzeko behar zituen puntuak.
Levanteko presidenteak behartu egin zuen aretxabaletarra lehenbailehen erabakitzera. Realak atzo zer egiten zuen itxoin barik. Gainera, Levanteren eskaintza hobea zen Realarena baino, diru aldetik. Bi arrazoi horiek, eskaintza ekonomikoa eta lehen mailan jokatzeko ziurtasuna, erabakigarriak izan dira.
Modu honetan, Levantek bigarren mailako jokalaririk onenetakoa fitxatu du. Levanten beste bi euskaldun izango ditu ondoan Barkerok: Asier Del Horno eta Gorka Larrea.
Bada dioenik, halere, Realak Barkero fitxatzeko benetako interesik ez zuela. Txantxetan aritu dela. Hurrengo egunetan jakingo dugu zer gertatu den.
Barkerok Numantzian jokatu ditu azkeneko urteak. Aurten, Soriako taldeko golegile nagusia izan da.