"Aretxabaletan orain arte industria nagusi da eta hemendik aurrera nekazaritza eta zerbitzuak bultzatu gura ditugu", jakinarazi du Uribetxebarria alkategaiak. Era berean, Udalak inbertsiotarako gaitasun murritza duela jakinik "gastua zorrotz kontrolatzeko gertu" agertu da.
Proiektuei dagokienez, bat azpimarratu gura izan du: "Ingurune pribilegiatuan bizi gara eta orain arte ez da nahikoa ezagutarazi eta esplotatu. Horregatik zirkuitu batzuk proposatzen ditugu kirol eta kultur turismoa bultzatzeko". Urkulu ardatz izanik herriarekin lotzea proposatu du eta hala, "balorean jarri kultur ondarea eta ezagutzera eman".
Bukatzeko lan talde plurala eta gaitasunak dituena duela atzean babesten jakinarazi du.
"Indarrak batzeko momentua"
Markel Olanok, ostera, EAJk krisi egoera gainditzeko eredu propioa duela esan du. Enpresen aldeko apustua egin beharra azpimarratu du eta "ikerketan inbertsioak egin". Euskadiko ekonomiak ibilbide eredugarria egin duela jakinarazi du, eta azpimarratu ikerketa arloan inbertsio gehien egiten duen eskualdea dela Debagoiena. Sozialistak diru errazaren alde egin dutela gaineratu du, "inprobisazioan eta espekulazioan" erori direlako.
Bukatzeko, indarrak batzeko momentua dela aldarrikatu du, "zatiketarik eta boto galerarik izan gabe", eta "EAJk ordezkatzen duela abertzale aukera baliagarriena" esan.