Goizeko 10:00etan ekin zioten egunari, Aretxabaletako bigarren ibilbide historikoarekin. Eguraldi txarrari aurre eginez, 25 pertsona elkartu ziren txangorako. Hain zuzen, euriaren ondorioz 16 urtetik gorakoendako herri jolasak bertan behera gelditu ziren. Umeendako tailerrak eta ginkana, berriz, egin ziren.
Plazakadie
Eguerdiko 13:00etarako herriko plazan zuten egina hitzordua: plazakadie. Eskolako aterpean postuak zeuden: Hiruatx bidezko merkataritza taldearena eta Okila egurra lantzen duenarena. Ekitaldi bat ere izan zen. Txalaparta, bertsoak eta Basotxo erretiratuen elkarteko abesbatzaren abestiak entzuteko aukera izan zen. Festa eta aldarrikapena uztartu ziren plazan jarritako taula gainean. Bertso eskolako gaztetxoenek honakoa kantatu zuten: "Gure hizkuntza, zuen ahotan ikusi nahi dugu".
Ekitaldiaren ostean lunch-a eta sagardo dastatzea izan ziren, baita kopla-triki-poteoa ere. Azken horrek jende mordoxka bildu zuen.
Herri bazkaria
Pilotalekuan egin zuten herri bazkaria, 150 lagunetik gora elkartu ziren bertan. Tripa ondo bete ostean, Tribial Pursit berezi batera jokatu ziren bazkarira joandako guztiak. Aretxabaleta eta aretxabaltarren gaineko galderak izan ziren erantzun beharrekoak, eta barre algara ugari izan ziren.
Arratsaldean zehar beste hainbat ekintza egin ziren: bolo txapelketa (Basotxokoek irabazi zuten), Larrin dantza, Euskaraokia, batukada Zo-Zongo taldearen eskutik eta eguna amaitzeko diskofesta herriko plazan.
Antolatzaileak oso pozik azaldu dira herritik jasotako erantzunarekin.