"Kudeaketarako daukan gaitasunaren bermearekin" aurkeztu da EAJ

Mirari Altube Arrese 2011ko maiatzaren 14a

Ekitaldia egin zuen atzo, hilak 13, Aretxabaletako EAJk eta Mikel Uribetxebarria alkategaiak datozen urteotarako asmoen berri eman zuen. Udalak "inbertsio ahalmen murritza" duela jakinik, Ongizatera eta Garapen Ekonomikora bideratuko dutela dirua aurreratu zuen.

Bizi dugun egoera ekonomikoa kontuan hartuta "agintaldi gogorra" izango dela aurreratu zuen Mikel Uribetxebarria alkategaiak. Eta Udalak "inbertsio ahalmen txikia" duela jakinik Ongizate eta Garapen Ekonomikoa indartzearen alde egingo dutela iragarri zuen. "Aretxabaletak zein eredu gura duen aztertu behar da eta gero eredu ekonomikoa finkatu eta bideratu".

Nondik nora jo gura duten datozen urteotan ere aurreratu zuen: "Ingurumena babestu, hondakinak gutxituta; herriko kirol eta kultur taldeen arteko elkarlana bultzatu; bosgarren edukiontziaren erabilera indartu; autobus azkarraren alde egin…". Eta EAJren balio erantsia programaren kudeaketarako gaitasunean dagoela gaineratu zuen, eta horretarako "talde indartsua" duela atzean.

Uribetxebarriari zinegotzi den Arritxu Olidenek eman zion lekukoa, eta Joseba Egibar izan zuen lagun ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak