Rebeka Ubera batzarkideak adierazi zuen “gogo handiz eta ilusioz” hasi dutela kanpaina, are gehiago, Bildu koalizioa bozetan egongo dela jakinda. “Normalkuntzarako eta bakerako bidean nahiz herritarrek egunerokoan dituzten beharrei ezkerretik erantzutea” izango dute helburu.
Debagoienerako dituzten asmoei dagokienean, zaborren kudeaketa, bidesariak, garraio publikoa edota etxebizitzen arazoa aipatu zituen, beste birekin batera: gizarte zerbitzuak –Uberak jakinarazitakoaren arabera, ibarrean, urte hasieran, zaharren egoitzetako itxaron zerrendak luzatu egin dira– eta langabezia: “Enplegua mantendu eta sortzeko estrategiak lantzeko, mahai sozialak eratu gura ditugu herrietan, eragile ezberdinekin”, azaldu zuen.
Eguaztenean, 19:00etan, herriko plazan
Hauteskunde kanpainaren barruan, herriz herri joango da Aralar, eta eguaztenean, maiatzak 11, Aretxabaletara itzuliko da. 19:00etan hasita, ekitaldia egingo dute plazan eta bertan izango da Aintzane Ezenarro legebiltzarkidea ere.