Euskerien Eguna girotzen hasi da Loramendi Elkartea

Mirari Altube Arrese 2011ko maiatzaren 6a

Ospakizunez betetako urteari ekin dio astean Loramendi Elkarteak. Batetik, maiatzaren 14an ospatuko duen Euskerien Eguna girotzen hasi da; bestetik, orain urtebete hasitako aro berria baloratzeko unea du –hilaren 19an batzar orokorra–; eta azkenik, 25. urteurrena ospatuko du, irailean.

Ospatu daidan, daigun leloarekin dator Euskerien Eguna eta dagoeneko salgai dituzte herri bazkarirako txartelak: Gurea, Orly eta Urbaltz tabernetan eta Loramendin. Gastronomi elkarteek gertatuko dute bazkaria 200 bat lagunendako: entsalada, okela gisatua eta ijito besoa; baita kafea eta kopa ere. Bazkide eta ikasleendako 16 euroko prezioa du txartelak eta gainerakoendako, 19 euro.

Kamisetak eta zapiak salgai

Bestalde, jai egun bezperan, maiatzaren 13an, taberna jarriko dute Durana kalean eta kamisetak eta zapiak salduko dituzte. Kamiseta bereziak izango direla iragarri dute, "dotoreak", eta ospakizunez betetako urtea aintzat hartuta egin dituzte. Zapiak, ostera, Euskerien Eguna girotzeko izango dira –eta San Migel jaiak irailean– eta Dakigunok eindaigun leloa dute.


Ekitaldiz betetako jaia iragarri dute antolatzaileek: kopla poteoa, txalapartariak, ibilaldia, bazkalostean Loramendi Tribial Pursuit jolasa, Larrin dantza umeendako ikuskizuna… Larrin dantza dotorea izan dadin entsegua egingo dute eguenean, hilak 12, udaletxe zaharrean (18:30)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak